RAGAN dira Gabonak. Iragan dira ospakizun hitsak. Iragan dira lagunkoiago, alaiago, solidarioago sentitzeko garai gero eta txikiago hori. Iragan dira umezaroko magiaz beteriko egun horiek, behinolako distira erabat galdu dutenak.

Egun horietan Olentzeroak ekarritako opariak hartu-ematen dira, eta lantzean behin sorpresaren bat ere eskuratzen da. Nik begiak zabalik hartu nuen bezuza gisan heldu zitzaidan mapa bat. Izki Entziakoa zen, eta bertan Igoroin, Iturrieta, Arrigorrista eta bestelako tokiak agertu zitzaizkidan xehetasun handiz. Arrapaladan hasi nintzen bertako geografiaz jabetzen, balizko ibilaldiak eta igoerak linea gorriz markatzen eta aztertzen.

Aipaturiko parajeak edertasunez beteak dira. Hala ikusten ditut nik. Hala gozatzen ditut nik. Baina nola ikusiko dituzte gure ondorengoek? Zer nolako geografia naturala eskainiko diegu atzean datozenei?

Hor, inguruan, mendi horien lerro geologikoan altxatzen diren Gasteizko Mendietan, Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak Azazeta izeneko zentral eolikoa jarri nahi dute. Lehenago ere Arkamuko eta Iturrietako zentralak ezartzeko asmoa zegoen, baina bertan behera gelditu ziren ingurumen-baldintzak ez zituztelako betetzen. Baina Azazetakoan ez omen dago horrelako oztoporik, eta atzapar suntsitzailea gero eta hurbilago dago.

Ohi den bezala, energia-enpresek duten interes ekonomikoa askoz handiagoa da naturak berak sortzen duena baino. Mendia ere industrializatu nahi dute, bertako ekosistemak eta ondare naturala mesprezatuz, eta betiko legez, biodibertsitate horren barruan kokaturiko espezie askoren bizitokiak, lurrak, eta oinarrizko ekosistemak sarraskituko dira. Kasu ia guztietan ondorio negatibo larriak eragingo lirateke landaredian eta hegaztiengan, eta hala azaltzen da Arabako Foru Aldundiak argitaratutako txosten tekniko batean.

Oparitutako mapa zabaldu dut berriz. Han egindako ibilbide batzuk gomutara ekarri ditut gero, bertako pagadiak udagoienean, bertako landa-eremuak, saiak gure buru gainean hegaka, paisaia miresgarriak.

Mapa hori baliagarria izango al da datozen urteetan? Bada naturaren alde paratzeko garaia.