UROPAKO Batzordeak etiketa berdea jarri nahi die gasari, 2035era arte eraikiko diren plantei, eta nuklearrari, 2045era arte eraikiko diren zentralei. Eztabaida fasean dago oraindik egitasmoa eta, dirudienez, hurrengo sei hilabeteotan egongo dira proposamenak, kontraproposamenak eta abar. Europako herrialde boteretsuen artean borroka dago: Frantziak nuklearraren alde egingo du eta Alemaniak, gasaren alde. Guztiaren atzetik dirua dabil, nola ez, berde izendapen horrek bideratuko baititu ingurumenaren arloko inbertsioak. Bruselak uste du gasak eta nuklearrak beharrezkoak direla energia berriztagarrien paradisura eramango gaituen bidean. Harrigarria da, edo ez, auskalo. Gainera, harritzeko gaitasuna gazte (eta berde) segitzeko ezaugarria omen denez, eskertu beharko genieke urte berriari eta Europako Batzordeari ahalegina.

Gaur egun, dena den, edozeini jartzen zaio berde etiketa, saltzeko balio du eta ezaguna da mundu honetan saldu eta erosteko gaudela. Niri berde huts hori erabiltzea pobrea iruditzen zait dauden berde guztiei arretaz begiratzen badiegu. Zergatik ez erabili berde ilun eta berde argi, berdexka eta berdekara jatorrak ez aipatzeagatik? Nik ez dut uste nuklearra eta gasa muskerra baino berdeagoak direnik, baina agian berdexka erabil zitekeen. Ados, nuklearra ez da berdea, baina berdexka bezala salduko baligute, beharbada erosiko genuke produktua. Berdea mundu oso bat da: badira Veronako berdeak, errauts berdeak eta berde ftaloak; badira berde pertsiarrak eta berde irlandarrak; badira sagar berdeak, pinu berdeak eta petrolio berdeak (petrolioak berde bat badu, zergatik ez gasak?). Ez dizuet nekatu nahi, baina zerrenda luzeagoa da.

Nuklearraren eta gasaren berdeak iraungitze data izango du, urte batzuk barru berdetasuna amaituko zaie (harrigarriena dena, bestalde). Nolanahi ere, ziur naiz epeak ere luzatuko dituztela. Energia berriztagarrien paradisua urruntzen ari da etengabe, gero eta energia gehiago xahutzen baitugu.

Ez dut zutabea bukatu nahi orlegia aipatu gabe, neologismo sabindarrak ere lekutxoa merezi du ameskeria berde honetan. Eusko Jaurlaritzak gehiago erabiliko beharko luke hemengo gauza berdeetarako: erraustegiak, AHT, Gasteiz megaekologikoa...