Zirrikituetatik begira

Desenkantuzko garaia

30.12.2021 | 00:36
Desenkantuzko garaia

Urte kaotiko hau aurrekoa bezalakoa izan da, desenkantuzko garai bat. Joan den urteko Gabonetan arazoak izan genituen etxean biltzeko, LABIk ezarritako neurriei men eginez. Aurten dena lasaiago zegoen arren, omicron bariantea etorri da, eta dena jarri du hankaz hora. Nork bere neurriak hartzen ditu, arduraz, kutsaketak gerta ez daitezen, guztiok babestuago egon gaitezen, baina jendea oso nekaturik dago, eta aurrera egin beharrean atzera egiten dugula ematen du. Masokismo ariketak egiten ditugu.

LABI berriro hasi da esaten musukoak derrigorrezko izan behar duela kalean ere. Askok diote ez duela ezertarako balio, eta hipokondriako askok diote zorroztu behar direla neurriak. Beste aldetik ikusten ari gara aldaera hori kutsakorragoa dela, baina ez da oso bortitza, eta horren ondorioz, osasun-sistema deskalabru ederrean murgildurik dago. Hain kontu arina denez, rastreo horiek ez dira egingo kasu larriak ez badira. Orduan osasunerako kalte handiegirik ez badu, zertarako errestrikzio berriak kulturan, kalean, tabernetan? Zertarako berriz prekarizatu sektore horiek, egun batetik bestera?

Masa-gizarte global eta masifikatuaren barruan, birusari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruzko iritzi ezberdinak daude, baina logikoa dirudi lehen arreta indartu beharko litzaketela, bai eta ZIUak handitu ere. Beste aldetik, hainbeste positibo eman direnez, zaintza bajak ematea gauza erraza izan beharko litzateke, enpresa-buruek hori nahi ez duten arren. Egia esan iraganari begiratuz gero, badugu zertaz ikasi. Olatuz olatu bi urte izan ditugu Osakidetza sendotzeko, aditu eta langile gehiago kontratatzeko, eta osasun-zentroak behar bezala hornitzeko, baina gehienetan nahiago izan da kontrol soziala ezarri eta populuan errudunak bilatu. Ez da modu ona urte desastre honi amaiera emateko.

Beste aldetik, aurten COP26 bilera handiaren urtea izan da. 2021. urteak daturik esperpentikoenak ekarri ditu tenperatura globalari dagokionean. Sortu dugun antropozenoa, maila guztietan, desenkantuzko garaia ere bada.

noticias de deia