Zirrikituetatik begira

Omikron

01.12.2021 | 00:12
Omikron

DELTA izugarritik omikron, dirudienez, beldurgarrira zuzenean jauzi egitea harrigarria iruditu zait. Ez dakit zer gertatu den tartean dauden gainerako letra grekoekin, alfabetoaren ordenari kasu egiten bazaio behintzat. Irakurri dudanez, omikron aurretik datozen nu eta xi letrak baztertu ditu Osasunaren Mundu Erakundeak, lehena ingelesezko new hitzarekin nahasteko arriskua dagoelako eta bigarrena Asia aldean arrunta den deitura ez zikintzeko. Agian delta letraren eta nu letraren artean dauden epsilon, zeta, eta, teta, iota, kappa, lambda, mu horiek birusaren beste aldaera ba-tzuk izendatzeko erabili dituzte jadanik, gu terrazetan eroso eserita egon garen bitartean; agian letra horien izenek beste hizkuntza askotan esanahi korapilatsuak dituzte (pentsa ezazue une batez aldaera horietako bati eta jartzen diotela), zeren, azken finean, denak esan nahi baitu zerbait beste hizkuntza batean.

Bitxikeria nominaletatik haratago, déjà-vu sentsazioa gailendu zait omikron berria dela eta: hasieran leku urrun batean agertzen da, geroago ondoko herrialde batean, egun gutxi pasa eta gertu dagoen hiri batean, harik eta azkenean gure herrian bertan agertzen den arte; mugak itxi eta neurri berriak neurri zaharrekin metatzen hasten dira, zalantza berriak zalantza zaharrekin, histeriarik zoroena zentzuzkoarekin. Eztabaida zaharrak berpizten dira: txertoak herrialde guztietara iritsi behar direla guztiok lasaiago egoteko, patenteen liberalizazioaz mintzatzen da berriro ere (bide batez, Hegoafrika izan zen liberalizazioarena mahai gainean jarri zuen lehenengoetako bat), munduan dagoen desberdintasun ankerrez kezkatzen gara, gaur goizean jaio izan bagina bezala. Zientziak pazientzia eskatzen digu berriro: aldaera berria aztertzeko denbora behar duela, burua ez galtzeko, tentuz jokatzeko. Badirudi gurpila abian dela berriro.

Agian (beharbada, ez da seguru) oraingo honetan zertxobait ikasiko dugu, osasuna giza eskubidea dela eta ez aberatsei soilik dagokien berezko ezaugarria, adibidez. Ez dirudi ulertzeko zaila denik. Edo bai.

Más información

noticias de deia