Zirrikituetatik begira

Dena aldatzen da

28.11.2021 | 00:27
Dena aldatzen da

GAUZA bat da ezker abertzale (orain independentista) ofizialak egin dituen urratsak aski ez iruditzea eta beste bat egin dituenek bistaratzen dutenaren garrantzia ukatzea. Bitxikirien mailakoak batzuk, urrats luze eta sakonak besteak.

Bitxi gertatu zait, esate baterako, Sorturen azken kongresuan lehiatu diren txostenetako baten –zurrunenaren– izena Lurrari lotuz izatea. 1980an Garaiz gabiltz manifestua sinatu zuten intelektualetako baten hitzak, hain justu. Erran gabe doa Xabier Lete traidoretzat jo zutela hura sustatu eta sinatu izanagatik.

Lagun min bizkaitar batek maiz esan ohi dit begiak balkoira joaten zaizkiola udaletxeren baten aurretik pasatzen den bakoitzean. Ez sinestekoa dela Bilboko jaietan banderen gerra festen egitarauan ofizialdu zuten berberek nolako naturaltasunez onartu duten piperpotoa, ez jartzea beren esku izanik –orduko Bilboko alkatearenean bezainbeste bederen bai–; eta nola ez duen urteotan inork balkoirik eskalatu eta bandera gorri-horia kendu edozein herritako jaixetan.

Bitxitik harago doaz Bilduren eta espainiar sozialisten arteko limurtze-dantzak. Duela bost urte Facebookeko lagun batek idatzi zidan, jeltzaleek sozialistekin sinaturiko akordioez kexu: "GALen oinordekoekin!" Zenbat urte behar ote dira oinordekotza horren eragozpen kontraktualak iraungitzat emateko? Nork erabakitzen ote du noiztik den zilegi estatu-terrorismoa sustatu eta burutu zutenekiko hesiak eraistea?

EH Bilduk estatuko aurrekontuak onartu ditu. Pragmatismo ariketa funtsezkoa, filosofia eta prozedura aldaketa sakonak bistaratzen dituena. Alabaina, hori ere naturaltasun harrigarriz onartua izan da, inongo herriko tabernatan ez da pintura gorri-horirik agertu.

Gauzak aldatzen ari dira, onerako aldatzen. Elkar-ulertze eta hitzarmen berriek alternantzia ekarriko dute lehenxeago edo geroxeago, eta hori beti da on epe luzera. Zenbat bizkartzain beharko zituzkeen, ordea, duela 20 urte jokaera horiek defendatzea otutako edonork?

noticias de deia