015ean sinatutako Parisko Hitzarmenak eragindako euforia-girotik urrun sumatzen dut Glasgowko klima larrialdiari buruzko goi-bilera. Gobernurik gehienen jarrerak ez dira sinesgarri, eta argi dago zezenari adarretatik heltzeko zinezko borondatea leukaketenek ere ez dutela inguruabar politiko-ekonomikoei aurre egiteko ahalik. Benetan hau bada planeta salbatzeko azken aukera, gureak ja egin du.

Handik euskaraz iritsi zaizkigun berriak are amorragarriago atzeman ditut. Dozenaka bider entzun behar izan dugu Glasgow hiriaren izena gaizki deklinaturik. Eskoziako gaeleraz Glaschu da, eskozieraz Glesca, biak ere zailtasun txikiagokoak behar bezala deklinatzeko. Izan ere, diptongoz amaitzen diren izenen deklinabidearekin ditugu korapilorik handienak. Goi-bilera herenegun amaitu zen, baina hiriak hor jarraituko du, eta baita arazo bera eragiten diguten beste hainbat leku-izenek ere: Uruguay, Paraguay, Brunei, Hawaii, Wroclaw, Mumbai... Edota zenbait euskal udalerrirenek: Garai, Altzai, Bidarrai edo -hau ere euskal herri noski- Ezkarai.

Haur bati izena jartzen zaiolarik, gaur egun izen horren ofizialtasuna frogatzen dute lehenik udal edo epaitegiek. Ordena pixka bat beharko zen, hain segur, baina deklinabide arazotsua duten izenekin argibide-orri bat ere banatu behar litzateke. Ez da parte onekoa haurrari Unai izena jartzea gurasoek nola deklinatu behar den ez badakite. Bestela beti ibiliko gara Adeiek Bruneiera joan nahi duela, Hodeien gurasoek etxea erosi dutela Ezkaraien, Ibaieri Uruguayeko ahaideak bisitan etorri zaizkiola... Ez da klimarena larrialdi bakarra.