Aurreko astean Houston-en antolatutako Astroworld makro-kontzertuan hildakoak eta zaurituak (azken hauek, ehundaka) gertatu ziren. 50.000 lagunek parte hartu omen zuten. Eta komunikabideen bidez deia egin zuten autoritateek, kontzertuan parte hartutako pertsonaren bat etxera bueltatu ez bazen, bada, autoritateekin harremanetan jartzeko, pertsona horren azterrena ateratzeko (hildakoetakoren bat ote zen egiaztatzeko, alegia).

Kontzertuan anbulantziak nola sartu ziren ikusi ahal izan dugu telebista bidez eskainitako irudiei esker. Nola kontzertua ez zen gelditzen. Anbulantziaren alde banatara aurkitzen zen jendeak jauzika jarraitzen zuen, musikaren erritmora. Eta hildakoen gainean, hiltzen ari zirenen itolarrian, nola munduak bere horretan jarraitzen zuen, festan, idoloengandik ahalik eta hurbilen egoteko norgehiagoka eroan.

Norbaitek adierazi du kontzertua geldituz gero, azalpenen bat ematen hasiz gero, edota kontzertu espaziotik irtetzeko agindua emanez gero, emaitza okerragoa izanen zela. Jarritako edo aurreikusitako segurtasun neurriak aski ez ziren seinale. Beraz, onena, batez ere, negozioarentzako, kontzertuarekin jarraitzea izaki. Eta, ondotik, hildakoak eta zaurituak lekutik ateratzen aritu ziren langileei errua jaurti.

Kopuruek ez digute, jada, ezer esaten. Ez 50.000ko partaidetzak, ez 8 hildakok, ez 300 zaurituk. Ez dakigu nortzuk diren/ziren. Ez da gure kontua.

Esan digute, gainera, gure lasaitasunerako, holako kasuetan, normalena, besteak zapaltzeko erreflexua izatea dela (zu zeu zapaldua izateko edo itotzeko arriskua ekiditeko). Dena ordenaren barruan, beraz. Batez ere, izan zitekeenarekin konparatuta. Arnasa har dezakegu, beraz. Adiera bikoitzez, gainera.

Eta horixe. Gizakiak ezer gutxi balio duen Astroworld erraldoi bat eraikitzen ari garela,

ez jakin zeinentzako eta zertarako.