ODE Penala, delitutzat zer jokabide hartzen diren eta zer zehapen dakarren ezartzen duen araudia da, hitz batez, bizikidetza arautzeko azken tresna juridikoa. Kode Penal baten edozein aldaketa legegileek egindako hausnarketa eta azterketa lasai, ireki eta partekatu baten ondorio izan beharko litzateke beti, eboluzionatzen ari den eta, hala badagokio, jokabide batzuk despenalizatzea edo delitu berriak aintzat hartzea eskatzen duen gizarte baten beharrei erantzuteko. Ez da hola gertatu indarrean dagoen Kode Penalarekin: 1995ean onartu zenetik hona 32 aldaketak -gaizki kontatu ez badut- ezagutu ditu dagoeneko. Guztiz gehiegizko zenbakia da, nabarmen, baina hauxe ez da larriena: aldaketa gehienak ez ziren beharrezkoak, talde batzuen onurei erantzuten zien edo, krimen lazgarri baten ondoren, biktimen mina -beti ulergarri- babesten zituen. Eta hau dena areagotu egin zen mezu argi bezain gezurrezko baten hedapenarekin: delinkuentzia eta gaizkileen zigorgabetasuna handitzea ari ziren. Irteerarik errazena? Tipo penalak gogortzea eta zigorrak larriagotzea. Eta kitto.

Aipatutako guzia diot, hautsita eta amorratuta, baldintzapeko askatasunean zegoen psikopata batek -30 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten beste erailketagatik- Errioxako herri txiki batean 9 urteko mutil bat hil duela jakinduz. Hola diot, bai, kondena gogorrago edo luzeago batekin izugarrikeria hau saihestu ezin izango zela, holako neurriek kriminalitate-indizea ez dutela murrizten esperientziak adierazten duelako. Izan ere, epailetzako eta presondegiko eragileei baliabide ekonomikoak, teknologikoak, pertsonalak eta profesionalak emanez baino ezingo zaie akatsei aurre egin eta barrutik hautsitako sistemaren hutsuneak bete. Ba deuxerez... Ze politikoki askoz ere errentagarriagoa bait den batzuentzat alarma sozialaren pozoia berriro berpiztea, biktimen minaz baliatuta eta konponbide ezinezkoak eskatuta. Erantzun hau botatzea, erabaki hau defendatzea, askoz erosoagoa da lehen bai lehen lanean hastea baino. Betiko kontua.