SPALDIKOA da gurean euskañola. Hasieran hitz bakarren eraso modukoa genuenaren hedadura (es que ezin dut, porque ez dut astirik) asko ugaldu da. Esan ohi da distan-tzia linguistiko urrikoak diren gaztelania eta katalanera, esaterako, erraz nahasten direla, hedadura gutxiago duen hizkuntzaren kaltetan. Egituraz eta esamoldez elkarrengandik urrun dauden hizkun-tzen nahasmena zailagoa da. Besterik dira hizkuntza bakoitzak bere giltzarriei eutsiz ingurukoekin denentzako onura dakarten uztardurak.

Aipatu arrazoibideari jarraituz ez legoke nahasterik euskara gaztelaniarekin edo frantsesarekin. Baina hurbiltasun fisikoak eragina duena ezin ukatu. Beste lurralde batzuetan ere badira horrelakoak, spanglish-a kasu, azpi-elearen kategoria duena egun AEBetan.

Euskanglish-aren lehen zantzuak ere ate joka ditugu. Euskara eta ingelesaren nahastezko izen deiturak, batez ere erakunde zein egitasmo estrategikoak bataiatzeko modak baditu urte batzuk. Hasieran begi onez ikusia zena gero eta euskara ahultzaileagoa bihurtzen doa. Ez da harritzekoa nazioartean lehen komunikazio hizkuntza den ingelesak gainerako hizkuntzetan eragitea. Denok erabiltzen ditugu hizkuntza honetako berbak, esaerak eta esaldiak, denok ditugu gureak beste hizkuntzetatiko maileguak.

Bistakoa da komunikazioa ondo zaindu behar da ekoizkinak eta zerbitzuak hobeto gizarteratzeko. Baina euskara jagotea eta bere etorkizun duina ahalbidetzea, beste hizkuntzenekin batera, geuri dagokigu geu baikara ondare honen gordailuak. Ez ditzagun bada bide eman erdizkako itzulpenei eta grafia-ortografia akatsei, la kompra, eskerrik eta abarrei, ezta sare sozialetan ere.

Azken adibidea, Kuna. Gizartegintzarako proiektu txalogarria, 1912ko eraikin dotorean egoitza duena, Bilboko erdarazko oroimenean Casa Cuna dena. Gaztelaniaz, cuna. Euskaraz eta euskararen lurralde batzuetako tradizioan kuma.

Ez ditzagun hizkuntzak bortxatu. Munduari begira bizi gara eta horrela behar da. Baina gure hizkuntzaren zenari eutsiz, bateragarriak baitira eginkizun biak.