AGUN batek kontatu zidan txikitan uste zuela hegazkinez bidaiatzeko maletak fakturatzen ditugunean eta zinta garraia-tzaile horietako batean uzten ditugunean, maletek zinta horien gainean egiten dutela bidaia eta ez abioiaren barruan. Munduan zehar zinta garraia-tzaileek osatutako autobideak imajinatzen zituen, eta ezin zuen ulertu nola zen posible maletak hegazkinarekin batera heltzea helmugara. Benetan azkar ibili behar ziren zinta haiek.

Hegazkinez bidaiatzen dudan bakoitzean eta maleta fakturatzen dudanean beti gogoratzen dut lagunak kontatutakoa. Beraz, inoiz irribarrea ere atera zait nire maletak plastikozko gortina misteriotsu horien atzean irteten ikusi ditudanean.

Eta askotan pentsatu dut haurtzaroan askoz askeagoak ginela gauzak imajinatzeko, mundua beste era batera irudikatzeko, eta gero poliki-poliki errealitateak imajinaziorako dugun gaitasun hori mugatu egin digula.

Nik, adibidez, txikitan uste nuen horma batzuetan ehiza-trofeo gisa erakusten ziren oreinen edo beste animalia batzuen buruak ez zirela buru bat bakarrik, baizik eta hormaren beste aldean animaliaren gainerakoa zegoela. Ez nuen burua bakarrik erakusteko mania hori ulertzen, eta gela ilunen batean ezkutatuta imajinatzen nuen gainerakoa; txikitan entzun nuen baita ere fotomatoi-makinetan argazkilari txiki bat ezkutatzen zela eta behin baino gehiagotan makina haren atzeko ate misteriotsua zelatatzen geratu nintzen, argazkilaria handik irteten ikusteko zain. Ez nuen inoiz ikusi. Eta egun batean, ez dut gogoratzen noiz, errealitatea nagusitu zen imajinazioaren gainetik.

Errealitateak eta adinak gauzak irudikatzeko dugun berezko gaitasuna mugatzen digute neurri handi batean. Pertsona heldu bihurtzen garenean, zerbait imajinatzen hasi baino lehen geure burua zentsuratzen dugu.

Batzuetan, beste era bateko mundu bat imajina-tzeko gaitasun hori faltan sentitzen dut, batez ere aireportu batean nagoenean maleten zain, eta imajinatzen dudanean nire maleta munduko bazter batetik bestera bidaiatzen zinta garraiatzaile baten gainean abiadura supersonikoan.