RNALDO Otegi eta Arkaitz Rodrigueze Donostiako Aieteko jauregian agertu ziren duela pare bat egun eta Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrenaren harira Urriaren 18ko adierazpena izenburupeko testua irakurri zuten.

Lerroen artean urteetan Euskal Herrian izandako garai ilunetako biktimak agertu ziren, eta modu zuzen batean esan zuten atsekabea eta mina adierazi nahi zizkiela jasan duten sufrimenduagatik. "Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Zoritxarrez, iraganak ez dauka atzera bueltarik, esan dezakegun ezerk ez du eragindako mina ezabatuko. Baina konbentzituta gaude arintzea behintzat posible dela, errespetuan, adeitasunean eta memorian oinarrituta. Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula. Beti izango gaituzte horretarako prest".

Hori irakurrita, begi hutsez, eta belarriak tente jarriz, badirudi bake baten alde urrats sendoak ematen ari direla. Baina argi dago, orain mingainetan dabilen testuak ez duela jende oro asetu. Batzuek aditu eta sor egin dute, eta keinuaren alde positiboa ikusi beharrean ur lasterraren kontra igeri egiten hasi dira, koskak berdintzeko abagunea probestu gabe.

Beti egongo dira ahaztuko diren kontuak, edota sakontasunez azalduko ez direnak.

Egunotan ere, adibidez, espainiar trantsizioan ministro aritu zen Martin Villa auzipetua izan da gizateriaren aurkako krimenengatik. Kereila bidean da, baina uste al duzue soka luzea ekarriko duela? Bada, seguruenik ez, eta beste askotan bezala, inpunitatez aritu diren askok bizitza normala egiten segitu ahalko dute. Gogoratu behar da kondekorazioa jaso zuela morroi horrek. Goian irakurritako adierazpenak beste ahotan entzuteak ere bidea samurtuko luke, eta agian, elkar bizikidetza presenteago nabarituko genuke. Baina denok dakigunez, mina desagertu arte, zaurietan dirau.