Zirrikituetatik begira

Espainia: arazo ala datu?

17.09.2021 | 01:13
Espainia: arazo ala datu?

WINSTON Churchillek zioenez, arazo bat arazo da konponbidea duen artean; ostera, arazoak konponbiderik ez badu, arazo hori ez da arazo, ezpada datu. Eta horrela ibiltzen gara Espainiako Erresuman aldez edo moldez egotea suertatu garenok. Arazo baten aurrean gaudela uste dugularik, datu baten aurrean bide gara.

Izan ere, urteetan diraut esaten Tormesko itsu-mutila ez dela obra izengabe edo anonimoa, ezperen obra kolektiboa. Hori barru-barrura sartzen dugunean, egoera ulertzen hasiko gara. Mahatsen pasadizoa erabat argigarria da. Itsuak beste barik itsu-mutilari kaiku-kolpe bat jo eta haren ondorik jaurtitzen dituen berbek erakutsi beharko ligukete bidea.

Egin-eginean ere, itsu-mutilak itsuari itauntzen dio ea zergatik jo duen. Itsuaren berbak jakintzaz beterik daude: "Esan dugu mahatsak banan-banan jan behar genituela, eta nik binan-binan jan arren zuk ez duzunez ezer esan, badakit launaka jaten diharduzula". Itsua bai, tontoa bat ere ez. Hortik dator erdal esaera hau: "Lapur ororen iritzian, guztiak haien arabera".

Espainiako Erresuman, epaileek euren eskua sartzen dute gobernuei dagozkien gaietan, betiere gobernuan zeuden baina erabakiak largetsi nahi zituztenek epaileei leporatu zietelako ardura hura. Horri politika judizialiatzea esan zitzaion.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ez da berri-tzen, zeren alderdi politiko espainiarrak haien abagunearen zain dauden. Barregarriena (negar-eragilea ez balitz) hauxe da: botere judizialaren independentzia aldarrikatzen dute.

Espainiako Erresumaren beste ale nabarmen bat hauxe dugu: argindarraren kostua egunean baino egunean gorago doa, eta gobernuak, hori geldiarazi beharrean, neurriak hartuko dituela dio. Fakturaren igoeraren arrazoiak barregarri gertatzen dira. Espainiarrei garestiago zaie gasa, beste edozein erosleri baino? Tontotzat hartzen gaituzte? Nik sentitzen dut aurpegia indio-kolorez margotuta dudala. Eta iruzurretan dirautenek uste dute gu engainatzen gaituztela.

noticias de deia