Zirrikituetatik begira

Musikak esaten duena

23.08.2021 | 00:14
Musikak esaten duena

Aurtengo udan musika falta zait. Hasteko eta behin, txistulariak. Goizeko kale-jira, batez ere. Umetan, txistularien kale-jirak, udan, oporretan, jaietan eta Euskal Herrian geundela adierazten zigun. Hala gogora- tzen dut, behintzat.

Aurtengoan, osasun neurriak direla eta, kaleko agerpen guztiak bertan behera utzi behar izan dira. Baina sentitu dudan gabezia kalean egin edo jaso daitekeenetik haratago doa.

Zeren eta uda honetan egon naiz jatetxeetan, tabernetan, janari-dendetan, museoetan, erakusketetan, terrazetan, eta eguraldia kenduta, beste ezer gutxik adierazi dit nire herrian nagoela. Eta bisitatu ditut inguruko herri txikiak eta bisitatu ditut gure geografiako bost hiriburuetatik hiru... eta musikak ez nau bertakotu.

Astebetez joan naiz, ordea, atzerrira, eta han, musika zaintzen duten elementua dela konturatu naiz. Jatetxeetan, argi eta garbi. Eta museoetan eta erakusketetan, zer esanik ez. Historia egin duten pertsonen bizitzak kontatzeko elementu ezinbestekoa izan da musika: ikerlari baten lorpenak jakitera emateko, gerra baten amaiera iragartzeko, koadro bat azaltzeko, kultur mugimendu berri bat aurkezteko, idazle baten bizitza ezagutarazteko, pentsalari baten lanak azaltzeko... kasu guztietan, musika izan dute lagun. Eta lekuetatik ateratzen zarenean, kontatu dizutenaz gain, emozio batekin ateratzen zara, lagun izan duzun musika hori berriz entzuten duzunean, entzun duzun lekura garraiatuko zaituelarik. Momentu batez, bertakotu egiten zara.

Ez dakit aspektu hau zaintzea nori dagokion. Baina berebiziko eragina dauka gure egunerokoan: ez bakarrik historian kokatzeko, baizik eta baita orain aldean kokatzeko. Kontatzeko. Ulertzeko. Sentitzeko. Izateko. Musikak bertoko (edo ez) sentiarazteko balio digu. Kontua da zer entzuten dugun, noiz eta nola. Kontua da, zer kontatzen zaigun musika entzuten gauden bitartean. Beharbada, gehien entzuten den musika jartzen digute nonahi, eta kitto, horrek mundutiar bilakatzen gaituelakoan. Beharbada, ez dakigu zer daukagun kontatzeko ere.

Más información

noticias de deia