Zirrikituetatik begira

Euskarak batzen eta batuko gaitu

16.08.2021 | 00:15
Euskarak batzen eta batuko gaitu

Sarritan entzun dugu euskaldunok euskarak batzen gaituela. Euskarak berdintzen gaituela, alegia. Eta esan badugu, hala sentitu dugulako edo hala sentitu beharra izan dugulako da. Euskararen alde egiteak hurbildu egin gaitu batzuk eta besteak, guda zelai bakarra irudikatu dugulako.

Euskal Herria anitza da gaur eta are eta anitzagoa izango da etorkizunean. Eta ez hizkuntzari dagokionean bakarrik, baizik eta baita arrazari, erlijioari, ideologiari, kulturari eta abarri dagokienean ere. Euskaldunoi, bada, aniztasun hori kudeatzen ikastea eta aurreratzea dagokigu, euskal herritarrok eta euskarak aniztasun horretan bizi beharko dugulako eta gure nortasuna aniztasun horren baitan defendatu beharko.

Eusko Ikaskuntzaren "Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa" egitasmoa Euskal Herriaren etorkizuna prestatzeko proiektua da, Nafarroan kokatua eta Nafarroatik lantzen ari dena, erakundearena propio den ausardiaz; hau da, Eusko Ikaskuntzari dagokiolako tankera honetako egitasmoak lantzea, gure herriaren nortasuna, lurraldetasuna eta izaera anitza kontuan hartuta, gaur egungo egoeraren azterketa sakona egin eta etorkizunean ere "euskal" herri izaten jarraitzeko proposamenak egitea. Etorkizuna pentsatzea eta prestatzea, guztiona, eta batuko gaituena. Mingarria suertatzen da, beraz, Eusko Ikaskuntza euskarafoboen jarduna zuritzen ote dabilen zalantzan jarri izana ere. Irainak eta zalantzak euskaldunak eta euskal herritarrak banatzea baizik ez baitakar.

Euskarak batuko gaituen etorkizun bat irudikatzen badugu, etorkizun hori garatzen eta eraikitzen elkarrekin beharko dugu, banatuko gaituen zalan- tzarik eta susmorik aireratu gabe.

Guda zelaietatik at defendatu beharko dugu gure herritartasuna eta herritartasun horri dagozkion eskubideak oro. Aniztasuna eta berdintasuna errespetatuko dituen gizarte bat eraiki beharko dugu zeinetan gure herriaren nortasun ezaugarriek (ez bakarrik hizkuntzak) bere funtzio propioa izango duten. Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko leloak azpimarratu bezala, badaukagu zer egin: beti ere, "elkarrekin".

noticias de deia