IZITZA, anitzetan, oso motel mugitzen da, gu arinegi joaten gara toki guztietara, eta oharkabean, makina bat bizipen eskapatzen zaizkigu. Egunerokotasunarekin berdin gertatzen da. Munduan gertatzen diren kontu lazgarriek ez gaituzte behar bezala inarrosten, arinegi metatzen baitira bata bestearen gainean.

Harritzeko moduko gertaerak ikusi ditut nik egunotan, guztiak aho bete hortz utzi nautenak. Nire biloa laztu duen kontu bat kirolaren aldetik etorri zait. Badakizue, Ingalaterrak eta Italiak Eurokopako finala jokatu zuten, eta penaltietan huts egiteagatik hainbat jokalarik laido arrazistak entzun behar izan zituzten lerdo askoren aldetik. Futbola eta arrazakeria loturik, zein arraroa, ezta? Futbolaren balioak desagertzen edota toxiko bilakatzen dira ekonomiaren negozioetako espiralean sar-tzen direnean, eta ondorioz, maskulinitate nazkagarriaren apologia egiten da, anitzetan xenofobiara lerratuz. Handikeriak, onena izateko xedea, zapalkuntza, irainak, erasoak, jarraitzaileen arteko liskarrak... hori ere diru kantitate neurtezinak mugitzen dituen gizonen futbola da.

Partida horrek bigarren ondorio ikaragarri bat ekarri zuen. Ingalaterrak partidak galtzen dituenean, emakumeen kontrako biolentzia esponen-tzialki handitzen da. Probaturik dago, azterturik dago. Matxisten etxean pairatzen den biolentzia gutxitzeko, hainbat emakumek euren etxeak eskaini zizkieten beste emakume batzuei kolpatuak izan ez zitezen. Beldurgarria da hori.

Eta aste honetan Kuba da protagonista. Politika ezegonkortzeko saiakera berri bat egin dute betikoek, eta berehala Espainiako betiko ahotsak ere altxatu dira adierazpen askatasuna eta manifestatzeko eskubideak bermatzeko eskatuz. Espainian, non manifestazio eta etxegabetze guztietan poliziaren muturreko biolentzia basatia den; Espainian, non Mordaza legeagatik raperoak kar-tzelan dauden; Espainian, non poliziak hautestontziak lapurtu zituen kolpeka; Espainian, non egunotan, eta bertako Auzitegi Nazionalean, torturak salatzen diren eta denek entzungor egiten duten.

Espainian, ez Kuban.