ILABETEAK daramatzagu Kataluniako auzi politikoaren bilakaeraz eztabaidatzen. Eta halere, sarritan bakoitzak norbere txokotik eskegita jarraitzen dugu besteen arrazoiak kontutan hartu barik. Bestalde, izaten dira pertsonak -ofizio guztietakoak- gai bakarraren gainean behin eta berriro errotari jirabiran jarduteko interesa erakusten dutenak. Badira, zorionez, soluzioen bila proposamenak egiten dituztenak ere, errealitatea aurpegi anitzekoa dela ukatu ordez, denok baitaukagu hainbat gai jorratzeko edota eztabaidatzeko gaitasuna.

Hori horrela, atentzioa jarri diot Europako Batzordeak urte bitik behin argitaratzen duen ikerketa serie bati. Europako estatu kideek alde batetik eta eskualdeek bestetik, erakusten duten berrikuntza maila neurtzen du 20 bat adierazle biltzen dituen txosten-multzo honek. Duela astebete argitaratu da azkena eta, aurreko biurtekoetan bezala, 4 berrikuntza-maila bereizten ditu: berrikuntza liderrak, berrikuntza handikoak, berritzaile moderatuak eta berritzaile berriak.

Europako Itun Berdea bermatzen joateko ezinbestekoak dira eraldaketa digitala eta ekologikoa sustatzea, zientzia eta ikerketaren garapenak oinarri direla. Argi dago, gainera, egungo eta etorkizun hurbileko ekonomiak eta ongizateak ere bide horietatik behar dutela, aurrera egin nahi badugu. Horixe da, besteak beste, Europar Batzordeko azterketa honen funtsa.

Txostenaren lehen ondorioa da Europako estatu kideen berrikuntzaren maila eta kalitatea hobera doazela eta giza-taldeen arteko arrakalak murrizten ari direla. Horrekin batera, Euskadiren kasua da azpimarratzen denetako bat. Duela 2 urte, berrikuntza moderatuko eskualde gisa kalifikatuak izan ginen. Eta Eusko Jaurlaritzak, gainerako erakunde eta gizarte eragileekin batera, gaia adarretarik oratu eta lanari ekin diote -pandemia tartean izanda ere- ahuleziak indargune bihurtzeko. Lortu dute. Lortu dugu. Euskadi bikaintasun-gunea (Pocket of excellence) da orain, berrikuntza moderatuko estatu batean. Berri ona!