Eta hori guztia gutxi ez dela, non deitzen didate telefonoz, anbulategitik, "halakoren" ama ote naizen galdezka. Nik baietz. Pandemia dela eta, Meningokokos-aren aurkako txertaketa atzeratuta geratu zaiela azaldu dit aurten 18 urte betetzen dituzten neskatoei eta, beraz, txertaketa kanpaina abiatu dutela, eta data emateko deitzen didatela. Eta zein proposatuko didan egutegia? Ekainaren lehenbiziko hamabostaldia.

Ez direla data egokiak esan diot. Alaba azterketaz josita dudala. Txertoa hartzera joan beharraz gain, eta horrek suposa dezakeen arriskuaz, txertoak berak eragina izan dezakeela eta egun hauetan ez dela gomendagarria adierazi diot. Telefonoz bestaldekoak, "jende guztiak" gauza bera esaten diola erantzun dit, suminduta. Egia dela adierazi diot, txertoa jaso beharreko ikasle horiek selektibitatea eta gainontzeko azterketa zerrenda oparoa dutela. Ez ote diren konturatzen.

Azkenean, alaba zerrendatik kanpo geratzen zaidala jakinarazi dit. Aurrerantzean, gurasoon esku geratzen direla alabari txertoa emateko egin beharrekoak.

Horregatik nioen, batzuetan, herritarrok gutxiegi kexatzen garela. Exijentzia maila gero eta gorago jartzen ari gatzaizkie gazteei. Bidea errazteko begiramen oso gutxirekin, ordea.