UK ere ezagutzen dituzu halako pertsonak; ziurrenez zure lagunartean, zure familian, zure lanean halakoren bat egongo da. Saregile deituko diet, izan ere, behin eta berriz tematzen dira pertsonen arteko sareak ehuntzen, loturak mantentzen, jendea elkartzen, inorekin harremanik ez galtzen. Saregilea da, adibidez, koadrila beti biltzeaz arduratzen den lagun hori, edo bazkaria egitea proposatu eta jatetxea aurkitzeaz arduratzen den lankidea, edo ostiraletan zerbait hartuz astea ixtera animatzen zaituen bulegoko kidea, edo familia osoa biltzeko helburuarekin topaketa bat antolatzen duen lehengusina.

Trebetasun handia dute sareak sortu eta manten-tzeko, topaketak antolatzeko... Ukipen-kolaren efektua dute: pertsonak elkartzen dituzte, euren arteko harremana indartzen dute. Honelako pertsonek baztertu egiten dituzte harremanak herdoiltzen dituzten nagikeria eta utzikeria. Ez dute lagun bati deitu gabe denbora asko igarotzen uzten, argi dutelako harremanik gabeko denborak, azkenean, ezezagun bihurtu ditzakela agendan ditugun lagunak.

Honelako pertsonek adiskidetasunaren manten-tze lanetan egiten dute lan, eta beti dute buzoa jarrita, beti daude harremanak koipeztatzeko prest. Honelako lagunek aldiro deitzen dizute telefonoz, ez ezer eskatzeko, ez ezer konkretuari buruz hitz egiteko. Deitzen dizute "besterik gabe" zer moduz zauden galdetzeko, nola zabiltzan jakiteko. Denbora hori hartzen dute zuen arteko haria ez galtzeko.

Batzuetan pentsatzen dut gure harremanetan hainbeste eragiten duten honelako pertsonak ezinbestekoak direla gure zirkulu intimoenetatik haragoko beste eremu batzuetan ere. Lan-munduan horrelako pertsonak egotea behar dugu, adibidez, lantaldeen batasuna indartzeko; edo politikan, beste alderdi batzuetako eta beste ideologia batzuetako pertsonekin hitz egiteko eta harreman ona izateko ahalmena erakutsiz, nahiz eta oso ezberdin pentsatu.

Denok behar dugu sarea. Eta norbait arduratu behar da beti hau ehuntzeaz eta mantentzeaz. Eskerrak, beraz, gure bizitzako saregileei.