UZKARAZ ikasi eta euskarazko hedabideetan lan egiteko aukera izan duen lehen belaunaldiko kide naiz. Oso argi izan dugu bi lorpenak ere gure guraso eta aitona-amonen ahaleginaren ondorio direla, korronte gogorrei egin behar izan zaiela aurre guk euskaraz ikasi eta lan egin genezan. Euskarazko hedabideak abian jarri ondorengo urteetan sartu ginenok jakitun ginen eman zitzaigun aukera apartaren garrantziaz, hizkuntzak berebiziko munta zuen gure jardunbidean. Euskaraz lan egiteaz haragoko zerbait zen; horrekin estuki loturik zihoan euskaraz bizitzeko hautu kontzientea, ikus-entzuleak euskaraz informatu eta gozatzeko betebeharra, euskarari unibertso oso eta aberats bat eskaintzeko ahalegina. Hizkuntzak ardazten gintuen.

Pandemiak pilotalekuetatik lekutu eta erredakzioan lan egitera behartu gintuenean, beste errealitate batekin egin nuen topo. Neure adintsuko beharginak, hasierako sukar hark harrapatutako lankide batzuk barne, beste ardatz batean biraka sumatu nituen. Euskarak laneko hizkuntza izaten jarraitzen du haientzat -lokuzio-hizkuntza, zehatzago esanda-, baina ez lankideen artekoa. Solas labur xeheek zein elkarrizketa luze sakonek erdara dute bizkarrezur. Logika etsigarri horrek narama haien etxeko hizkuntza-politika zein izango den ondorioztatzera.

Aste honetan lankide batek egindako iruzkin baten harira erabaki dut gaurko zutabea honetaz idaztea. Erabat etsita zegoen, EITBren egiturako irrati bateko esatari gazteak jantokian hamarretik zortzitan erdaraz ari-tzen direla eta. Gure moduko talibanen batek kargu hartu omen zien behin. Isilik geratu bide ziren mementuan, baina biharamunean haietako bat joan omen zitzaion, tente-tente, arazoa non zetzan galdezka.

Euskarazko hedabideetan dihardutenek -edo euskal ikastetxeetako irakasleek- ez dute inongo legerik urratzen beren artean erdaraz aritzeagatik. Beharbada "arazoa zertan datza?" baino erantzun zakarragoak emateko zilegiturik daude. Alabaina, haien ohitura eta joerak euskaraz bizitzeko, bizitzen laguntzeko eta bizitzen uzteko ardatzetik kanpokoak dira. Hizkuntzari hegoak ebakitzen ari dira, "txoria nuen maite" kantatzen.