SPAINAKO gobernuak alarma egoera bertan behera gelditzea erabaki zuen duela aste batzuk. Igandean izan zen alarmarik gabeko lehen eguna.

Hamarretan etxeratu beharra zegoen, baina 12:00etan berriz kalera atera ahal zen. Afariak luzatu ziren etxeetan, ez baitzegoen postrea mauka-mauka eta arin jateko beharrik. Afalosteko mintzaldiak presarik gabe sortu ziren, eta zenbait tokitan geroko uneak ere ordu txikietara arte luzatu ziren. Neu ez nintzen jabetu, ohiko errutinaz jardun bainuen. Hurrengo egunean mendirako parametro geografikoak zabalagoak nituen, eta hiri inguruko bidexka sarri ibiliak abandonatu behar nituen behingoz. Zorionez!

Baina jende ororentzat antzekoa izan zen? Egun arrunta izan zen? Ezta pentsatu ere! Batzuentzat gerra baten garaipena ospatzea bezalakoa izan zen. Hamarretarako etxeratu behar bai, baina berriz sprintean ateratzeko moduan prest zeuden asko, bilkuren mugarik gabe, gaua betirako ahituko balitz bezala, munduko azken gaua balitz bezala.

Toki askotan jende dezente bildu zen edateko eta lasai egoteko, gaueko giro debekatuaz gozatzeko. Baina beste toki askotatik heldu diren irudiek eromena zertan den ondo deskribatu dute. Madrilen bildu zen jende elemenia kantuka, ujuka, festa erraldoian, ia denak musukorik gabe, droga, sexua eta rock-and-rolla doan balira bezala.

Burmuin eskas haiengan birus hilgarria betiko desagertua zela ematen zuen, bere transmisioa irudikeria zela, eldarnioa ekarri ziguna amets bat zela, hildakoak sortu ez dituen gaixotasuna kutsagarria ez zela, munduan milioiak eta milioiak akabatu dituen pandemiarik existitu ez dela.

Madrilen, Ayuso ezgauzak kontrolatzen duen hirian, zerbezak askatasunez hartu behar diren hirian, denak atera ziren gauez, askatasuna badutela ozen esateko, azkenean libreak direla oihukatzeko. Eurentzat horixe baita askatasuna, potroetatik ateratzen zaiena egitea.

Ordu berean, ospitaletako langile gehienek ahituta segitzen zuten, tai gabeko sakrifizioa eskainiz, ospakizun zoroetan ibili diren lerdo asko jaso-tzeko eta tratatzeko prest.