Aurtengoan, telebistan ikusi ditudan bi publizitate alek deitu dute nire arreta. Lehenbizikoan, ama bat ikusten da, etxean gela batetik bestera, leku bila, eta gela guztiak etxekoez beteta daudenez, azkenean, ganbarara jotzen du. Han aurkitzen du bere espazioa€ Bigarren publizitate pieza, ditxosozko amaren egunari begira sortutako da. Ama bat ikusten da, besoetako umearentzako biberoia prestatzen, bitartean semeak korbatako korapiloa egiten laguntzeko eskatzen dio, bitartean bere amaren deia jasotzen du mugikorrean, eta bitartean alabak deitzen dio esanez, pikorta itsusi bat atera zaiola aurpegian eta ea zer egin behar duen€

Etxeko neskek publizitate hau ikusi zutenean, biek batera salatu zuten "ama izatea hori baino gehiago dela€". Alaben iruzkina amaren papera jasotzera zetorren eta, nire barrenean, eskertu nuen beraien konplizitate keinua. Baina ez zen nahikoa izan. Zeren eta ezin izan nuen ekidin gogoratzea, buruan hitzaldi bat prestatzen ari nintzen bitartean, edo zuzendaritza batzordearen aurrean defendatu behar nuen proiektu bat biribildu bitartean, edo ideia bat aforismo batean nola bilakatu nezakeen oldozten ari nintzela, zenbatetan nire alaben pikortei erantzun bat eman behar izan diedan, edo azken momentuan zulatu zaizkien galtzerdien ordezkoak erostera joan naizen€ Hau da, nire bizitzari ezer gehitzen ez dizkioten milaka eta milaka momentu konpondu behar izan ditudala. Publizitatean agertzen diren konpondu beharrekoak inozoak dira. Eta ama batek konpontzen ditu inozoenetik grabeenetarainokoak, hitzaldiak, bilerak eta liburuak prestatzen ari den bitartean€ Alabei labur erantzun nien: ez, amaren egitekoa ez da hori bakarrik, hori baino gehiago da, noski, baina horrek bere eguna, bere espazioa, eta bere lekua munduan baldintzatzen du, guztiz. Amak mundua konpontzen du, besteentzako.