TZOKOAN edo irakurri nuen pandemia honetan gazteak izan direla ahaztuenak; pasa den astean, aldiz, ahaztuenak haurrak izan direla. Era berean, azkenaldian irakurri dut ahaztuenak zahar-etxeetan daudenak izan direla, etxean bizi den adineko jendea, bakarrik daudenak, etxetik kanpo lan egiten ez duten emakumeak, nerabeak, anbulantzietan lan egiten dutenak, koronabirusa ez duten beste gaixoak, hildakoak... Jakina, txertaketa dela eta, ahaztuenak dira, edo izan dira, supermerkatuetako kutxazainak, unibertsitateko irakasleak edo musika eskolakoak, 65 urtetik gora daudenak, 80 urte baino gutxiago dutenak, gaixotasun kronikoak dituztenak, paperik ez duten etorkinak... Lasai, ez ditut zerrendak zutabe hau bukatu arte luzatuko, edozeinek osatu ahal ditu orain arte aipatu ez ditudanekin, ahaztu ditudan ahaztuekin.

Ni hasi naiz pentsatzen alferrikakoa dela ahaztuen kontua: agian, beharbada, pandemia honetan guzti-guztiok, banan-banan hartuta, ahaztuak garela edo izan garela uneren batean, gutariko bakoitza egon dela noizbait bigarren plano urrun batean, lehen planoan ekonomiarako soil-soilik baitzegoen lekua. Horregatik, agian, beharbada, ahaztuen papera inoiz hartu ez dutenak ostalaritzako enpresariak izan dira: egunero daude telebistan.

Horregatik, beharrezkoak dira, agian, beharbada, egunero ahaztuen talde horietako bati atea eta gogoa irekitzea erreportaje batekin, eta irakurtzea gaur ahaztuenak herri txikietan bizi direnak direla, bihar ahaztuenak kaleratutako langileak direla, eta etzi ile-apaindegiak, horrela islatzeko jendartean dagoen aniztasun eta dibertsitate askorentzat deabruzkoa. Ez dakit norberaren burua hedabideetan ikusteak lagundu ahal duen kontzientzia kolektiboago bat garatzen edo, alderantziz, hori itotzen gaituen indibidualismoari oraindik arnasa gehiago ematea izango litzatekeen. Ez dator inoiz gaizki gogoratzea norbera ez dela mundu honetako biztanle bakarra, eta norberaren minak, oso mingarriak izan arren, askotan ez direla ezer beste askoren minekin bat egiten ez badira.