Zirrikituetatik begira

Gastua

13.04.2021 | 00:53
Gastua

ATZO, hilak 12, Gastu Militarra Gutxitzeko Nazioarteko Eguna ospatu zen. Data horren bidez giza-garapenaren arloko hainbat esparrutan dirua inbertitzeko joera eta kontzientzia bilatu nahi da, planeta osoan armatan gastatzen den diru kantitate neurrigabe eta lotsagarriari beste erabilpen bat emateko xedez.

Pandemiak argi utzi du gastu miliarrak ez duela ezertarako balio, militarrek ezin izan baitute ezer ere egin mundu osoa kinka larrian jarri duen birusaren kontra. Baina halarik ere, gobernuek gastu potoloak onartzen dituzte armak erosteko eta horiek erabiliko dituzten soldaduak hornitzeko.

Espainiako gobernua ez da atzean gelditzen armagintzaren programan lotsagarrizko erosketak egitean. Espainiak, hainbat urtetan, 20 eta 30 mila milioi euro artean gastatu ditu arma, soldaduak eta munizioak erosteko. Gainera, Covid-19aren pandemia probestu du Espainiako gobernuak bertako militarrak goratzeko eta bere irudia indar-tzeko. Gogoratzen? gaixotasunaren erasoaren hasierako egunetan, Pedro Sanchez presidentearekin batera, militarrak prentsaurreko guztietan azaldu ziren esanez guztiak soldadu gisan agertu behar ginela ezagutzen ez genuen etsai mikroskopikoari aurre egiteko. Horren ostean, soldaduak modu erridikuluetan agertzen ziren handik eta hemendik, zenbait interbentzio eta desinfekzio hutsal burutu nahian. Bertan, militar horiek goratu egiten zituzten egiten ari ziren lanagatik, baina adibidez, suhiltzaileek ehunka irteera egiten dituzte astero, are garrantzitsuagoak direnak.

Gobernuak gure dirua erabiliko du berriz alferrikako armak erosteko (armak erostean politikari horiekin harreman estua gordetzen duten makroenpresek irabazi itzelak lortzen dituzte), gaur egun hain beharrezkotzat jotzen dugun osasungintzan inbertitu gabe. Armagintzak lana sor-tzen duela diote, baina erizainak, medikuak, suhiltzaileak kontratatzean ere lana sortzen da.

Hortaz, herritarron oinarrizko beharrak bermatu gabe dauden sasoi honetan, inoiz baino garran-tzitsuagoa da gastu militarra gutxiagotzeko eta gastu sozialean inbertitzeko bultza egitea.

Más información

noticias de deia