Kontua da Espainiako Erresuma ETAren jardunaren kontra sortu mugimenduaren ondorioz biolentziaren aurrean txertaturik dago, eta horrek edozein biolentziaren arbuioa dakar berez. Baina horregatik bakarrik? Espainiako Erresumara zorioneko demokrazia iristeko moduak ere asko ikusteko dauka nire ustez, iritsi aurreko erregimenaren herentzia moduan iritsi baitzen, hark ezarritako debeku eta parametroen baitan: biolentzia bat zilegi izan da, Frankoren Altxamendua Bigarren Errepublikaren desastrearen aurrean nazioaren gainbera eteteko, eta haren kontrakoa, ETArena esaterako, ez da zilegi izan. Hori da gelditu den errelatoa, eta errelato horri eusten dio zoritxarrez estatuko iritzien erdiguneak. Baina hala irakurri beharko genuke? Nik uste dut ezetz. Angela Merkel bezalako andre erradikal batek, ironiaz diot, omendu zituen Hitlerren kontrako atentatu bat egiten saiatu ziren militarrak "hainbat unetan desobedientzia derrigorrezkoa da" laburbildurik. Erdigunean kokatzen den tertuliakide horietako batek zera zioen Voxeko mitinean sortutako istiluen gainean: Vallecaseko gazteak ez ziren eskolara joan alkandora arreen inguruko ikasgaia eman zuten egunean. Horrekin adierazi nahi zuen faxismoari aurre eginik faxismoa indartzen dela, egin beharrekoa ez ikusiarena dela iradokiz. Ez dut uste. Beharbada Vox muginendu txikia zenean hori izan zitekeen taktika baina dagoeneko ezin zaio Voxi ez ikusiarena egin. Gehiegi eta handiegi dira. Dinosaurioak hor jarraituko du esnatu ondoren.