ATURAK barne biltzen gaitu. Natura da mundu honen jabe bakarra. Naturak aginte ahaltsua du gure gizartetik haratago. Baliteke pentsatzea gizakia dela munduko piezarik kenezinena, baina geu desagertuz gero naturak bere bidean jarraituko du, aldagaitz, ezaxola, eta bere kode berriak ezarriko ditu, arduratsu.

Kontua da egun hauetan hipnotizaturik ari naizela ikusten Islandiako Fagradalsfjall sumendiak eman dizkigun irudi biziki ederrak. Duela urte batzuk gauza bera gertatu zitzaidan Eyjafjallajokull sumendiaren erupzio harrigarriarekin.

Islandian eginiko bidaia batetik irudi hori ekarri nuen, magma solidifikatuarena, toki orotan barreiaturik. Lurraren azpian, beste mundu geotermiko bat astintzen da tai gabe, eta horrek ipar atlantikoan dagoen irla ñimiñoari sekulako nortasuna ematen dio. Sumendi hori lehertu baino lehen milaka lurrikara gertatu dira lur-mutur hartan. Ni izan nintzenean, geiserrak, ke zutabe amaiezinak, sufre usain sarkorrak eta ur beroko errekak ikusi ahal izan nituen normaltasun osoz. Batzuetan pentsatzen nuen eztanda egin behar zuen lurralde fantastikoa baten gainean nenbilela alderrai, harik eta bat bateko erupzio batean isuritako magma goriak eta likidoak nire pertsona karbonizatu arte.

Pandemiak ekarritako laborriaren atmosferan bizi gara garai honetan, geure osasunarekin kezkaturik, baina ez dakigu natura nola mintzatzen zaigun, zer gordetzen duen guretzat. Sumendiak dira lurrak erabiltzen duen lengoaia, zer pairatzen ari den adierazteko. Kraterrak zabaltzen dira nonahi, Europan eta Asian gertatu dira azken suzko agerpenak, baina halarik ere zientifikoak ez omen dabiltza oso kezkaturik. Gauza arrunta baita hori lur azalean, milioi urtetan oso arrunta izan da. Baina egia da sumendietako isurketa horien erruz munduaren klima aldatu dela zenbaitetan, eta kasu askotan dramatikoki.

Badirudi laba eta gaixotasun isurketa berriak eguneroko kontu bilakatuko direla hemendik aurrera. Ea irudi ikusgarri bilakatzen diren lehenak soilik, eta ez konfinamendu berriak ezartzeko motibo, bigarrenak.