ZKOITIAN pilota jaialdi dotorea izan zen otsailaren 5ean. Hara joan ziren lagun bakanek zinematik irteten ari zirenekin egin zuten topo. Askoz arnasa handiagoko lekua da frontoia, baina harako sarbiderik ez zegoen, zinemarakoa libre. Ez dira erraz ulertzeko kontuak.

Ikuslerik gabeko garaiotan, pilota partidak ere oso desberdinak dira. Artekarien trabes-hotsik ez; tantorik ikusgarriena egin eta txaloak jotzeko jendea falta; harmailetako harrabotsa eta xaribaria eskas... Pilotaren hotsa eta pilotarien garrasiak, aldiz, egundo baino ozenago entzuten dira. Ikusle batek baino gehiagok esan didate nondik atera duten pilotariek horrelako oihuak egiteko joera. Ez dut uste lehen baino orro handiagoak egiten dituztenik, entzun egiten dira aise gehiago. Ez builak bakarrik, baita solasak ere, eta ez dira beti batzuek nahi genukeen mintzairan eginak izaten.

Ezagun edo izar izateak ez du inor eredugarri bihurtzen, baina ezin ukatuzkoa da haien eredura jokatzen dutela haur eta gaztetxoek. Duela urte batzuk, orain ez hainbeste, baziren hutsaren hurrengo motiboekin aho-beteka kabendioska hasten zirenak, atseden-seteko aulkia lau zati eginda utzi arteko onik izaten ez zutenak, epaileei edozein moduz oldartzen zitzaizkienak. Jokabide desegoki horiek berehalako isla izan zuten, segituan kopiatu zituzten hainbat gaztetxok. Beldur naiz hizkuntza-jarrerek ere ez ote duten eragin berbera. Bi pilotari euskaldun aulkian edo pilota-aukeraketan erdaraz sumatzeak erabat trenputxartzen gaitu hainbat zale eta mezuak saldoka bidaltzen dizkigute, zalantza artegagarri batek ilundurik; zein ote da aldageletako errealitatea, benetako hizkera? Euskaraldirako ateratako argazkiaren ondoren, zein hizkuntzatan eginak izan ote ziren beren arteko txantxak eta iruzkinak?

Edonork du zein hizkuntzatan mintzatu erabakitzeko eskubidea, jakina!, baina izan bitez hautu horrek dakartzan ondorioen eta hedatzen duten ereduaren jakitun. Jakin bezate euskaraz egiten duten bakoitzean zer nolako poza hartzen duten telebistaren bestaldean dauden milaka lagunek, eta nolako eragin biderkatzailea izan dezakeen haien ereduak.