Letemania

13.02.2021 | 00:59
Letemania

letemania, kutsatzeen olatua bezala, beherantz doan honetan aitortu behar dut nireak oraindik nahiko goian segitzen duela. Aitor dut moderno izateko Mikel Laboa eta bera bazterreratu behar izan zituen horietakoa naizela, baina, zorionez, berehala hartu nituen berriro, eta Lete, beti gustatu izan zait, nahiz eta etxean, esaterako gutxitan entzun haren diskoak. Poesia liburuak bai, atera ahala irakurri nizkion, eta, jakina, ez nintzen jabetu Zentzu Antzaldatuen Poemategian egin zuen plagioaz. Zentzu horretan eskertzekoa da Koldo Izagirrek atondutako antologian gaiari heldu eta gauzak argitu izana. Zergatik plagiatu zituen Xabier Letek Rainer Maria Rilke eta Carles Riba poeta katalanaren poemak? Ez dugu inoiz jakingo, baina literatur azterketa eta biobibliografietan horrelakoak erantzuteari derrigorrezkoa deritzot. Eta zentzu horretan zapuztuxe utzi nau Alex Gurrutxagaren Aberriaren poeta kantaria saioak, zeina tesi baten laburpena baita, hortik beharbada hainbat gaietatik hanka putetan pasatzea: lehen aipatutako plagioaren kontua; edo Lourdes Iriondo andrearekin izan zuen harremana, zeina gainetik kentzen baita Simone de Beauvoir eta Sartrerren harremanari buruzko aipu soil batekin; besteei egindako minak (andreari?) eragin zion errua, behin baino gehiagotan aipatu zuena; gaixotasuna eta erru hori; gaixotasuna eta gatazka politikoa; jasan zuen sektarismoa. Euskaldunegia, horrela esan badaiteke, iruditu zait Gurrutxagak (intimitatea babestea zio?) idazle eta kantaria figura publiko soilera murrizteko ahalegina. Batere arazorik gabe onartzen dugu Simone de Beauvoirren egunerokoak, non Sartrerekin izandako harremana, xehe-mehe ageri baita, edo Benjamin Moserren Susan Sontagen biografia lehen mailako literatur lanak direla, baina gurean uste dugu horren direla gure artistak aparte, ezen haien bizitza pertsonalak ez duela batere eraginik beren lanetan. Hori, bizitza pertsonalean arakatzea, txutxumuan aritzea baita. Tele 5 dugu, ordea, katerik ikusiena. Denak balio dezake Xabier Leterena bezalako obra handia argitzeko, eremu publikoak zein eremu pribatuak. Kasu honetan, beste batzuetan bezala, aberriari soilik erreferentzia egitea Xabier Leteren lana mutilatzea da. Bai, badakit, aberria dugu euskaldunok bizitza pribatu.

Más información