ORLANEZKO aro grisean bizi gara. Naturak ez du garrantzirik, zuhaitzak, baratzeak, lorategiak dekoraziozko elementutzat hartzen dira, betetzen duten funtzioez haratago. Ez dute ezertarako balio hiri handietako parkeetako aurpegi polita erakusteko ez bada. Mantendu beharrean, hobe da porlanezko geruza sendo bat jartzea gainean eta jende guztiak ulertuko du hirian gaudela, hirian asfalto gainean ibili behar garela, grisa eta beltzak direla gure kolore printzipalenak. Berdea kanpoan dago, hirietatik at, mendietako ikurrak dira kolore horiek.

Auzunean horrelako erabakia hartu dute auzunean bizi ez diren politikoek. Plaza bat zegoen auzotegian, aspaldi batean auzolanean eraiki genuena, auzotarren artean; toki desatsegin bat jolasteko eta egoteko gune bilakatzeko ametsa izan zen hura. Zuhaitzak landatu ziren eta hura bertan batzeko toki bihurtu zen. Urteetan izan da plaza hori hor. Oraingo sasoian Olentzeroa kantatzen zuen auzokideek osaturiko talde batek, eta gero bertan erretzen zen paperez beteriko Olen-tzero faltsua. Bertan Gabonetako kantak eta txokolatea banatzen ziren giro bikainean.

Duela aste batzuk bulldozerrak eta bestelako makinaria ekarri zituzten eta dena altxatzen hasi ziren. Zegoena berriztatzeko, ederrago bat jar-tzeko izango zelakoan nengoen. Bai zera! Zuhai-tzak moztu dituzte eta Bilboko harlauzez bete dute zorua. Orain dena da bat, grisa, uniformea, hiritarra, hotza. Ez dakit gerora lorategi txikiren bat landatuko ote duten, zuhaixkaren bat jarriko ote duten, baina oraingo itxura negargarria da.

Ez dago zertan dena suntsitu. Naturaren espazioari beti eman ahal zaio forma bat, abstrakzioa egin barik. Presaka kentzen da erabat adaptaturik dagoena transitorako espazio berri bat sortzeko, berdeguneak, zuhaitzak,€ hondamendi arautu baten bidez kenduz.

Orain ez dago landaredirik, inguruko txoriek alde egingo dute, bertako eraikinak handiagoak eta deshumanizatuagoak irudituko zaizkigu, eta jolasteko eta egoteko plazatxo hura espaloi handi bat bihurturik geratuko zaigu. Gris.