AI, beste behin euskararen eguna ospa-tzen dugu. Beste behin, euskaraz tai gabe aritzeko gogoz, Euskaraldian gaude murgildurik. Beste behin hain naturala eta eskubidezko litzatekeen hizkuntza baten erabilera aldarrikatzen ibili behar dugu eskuindar unionisten aurrean, botere hegemonikoa ordezkatzen dutenen aurrean. Horientzat euskara ez da baliagarria, ez da erabilgarria, ez da modernoa, eta ez du ezertarako balio. Joseba Barriola adituak dioen moduan erlikia bat baino ez da horientzat. Euskara antzinateko kontua da, "denbora pasatuaren aztarna eta oroigarria, ez gaurko bizimolderako trebatua, ez erabilgarria, zibilizazio espainola, frantsesa eta mendebaldarra zabaltzeko oztopoa. Euskaldun burubero batzuen sinfonia aspergarri eta nazkagarria da erlikia horren piztueran saiatzea".

Eta egia da. Politikariek beraiek ez omen dute euskararen balioan ere sinisten. Guztiok gertu agertu dira euskararen alde keinu bizi edo prest egiteko tenorean, baina datuek diotenaren arabera, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan ez dute euskara askorik erabiltzen, ez omen du balio gaurko bizimodua arautzeko erreminta gisan. Eta Euskaraldian izena eman badute hizkuntza ohiturak aldatzeko da, eta Euskal Herriko parlamentuetan dagokion hizkuntza erabiltzeko garaia bada gero! Nafarrokoan guda galanta dute aurretik bertako abertzale euskaldunek, eskumako politikariek mesprezatu egiten baitute gure hizkuntza, eta han apenas entzuten da lehengoen bultzadaz eta ekimenez ez bada.

Hautu hori norberak egin behar du, lehen hitza euskaraz, gehiagotan eta gehiagorekin. Hor dago erronka, mundua ulertzeko aukera. Naturaltasuna baita gakoa, baina beti ere euskarak duen garran-tzia barneratzeko ariketa eginda, oraindik erakunde ilun zapaltzaileek euskara eta euskaltzaletasuna desagerrarazi egin nahi dutela jabetuta, eta euskara, erlikia komunikatibo berpiztu hori, egunero erabiltzeko hautua hartuta.

Joseba Sarrionandiak egunotan esan duen bezala, "hizkuntza altxorra da, euskara ez dago koba ilun batean, ez da sekretu bat, altxorra gure artean dago, gure ezpainetan".