Z dakit akordatzen zareten Sovaldi botikaz. Hepatitis C-aren birusaren kontrako botika da, eta 2014an Gilead enpresa handiak patentatu zuen, tratamendua oso aurreratua zuen laborategi txiki baten jabe egin ondoren. Gaixoei bizitza salbatu die erretrobiralek GIBdun gaixoen bizitza salbatu zuten bezainbat. Sovaldi famatua egin zen Gileadek jarri zion prezioarengatik, ekoiztea kostatzen den baino 277 aldiz gehiago kobratzen die enpresak osasun sistemei. Pontevedrako Erietxeak aurrera emandako ikerketa batean ondorioztatu zuten Espainiako Osasun sistemari 24.164 euro kostatu zaigula gaixo bakoitzeko. Sovaldiren prezioa, gainera, desberdina da nazio bakoitzean, eta enpresak nazio bakoitzarekin adostutako prezioaren inguruan isiltasuna bermatzera behartzen ditu gobernuak (pandemia arte Egipto zen 6.000 euroren truke hepatitis C-aren turismo sanitarioa egiteko tokia).

Jar gaitezen orainean. Pfizer-BioNTech kontsorzioak bakuna berehala prest izango duela aldarrikatu du aste honetan. Holding farmazeutikoak adierazi du ez duela gobernuetatik diru laguntzarik jaso, prezioa garestia izango dela abisatzen du horrek, baina ez da erabat egia, AEBtako gobernuak landutako birusaren proteina gakoan oinarritu baitute birusaren kontrako estrategia. Pfizer konpainiak 10 biloiko etekinak espero ditu datorren urtean (ez gara Albert Bourlaz mintzatuko).

Hainbat erakunde hasi dira eskatzen patentea, 20 urte edo luzeagorako, bertan behera uztea munduak saldo inmunitatea lortu artean, bestela oraindik ere osasun sistemak gehiago ahuldu eta nazioen arteko desberdintasunak sakondu egingo direlako.

Nazio aberatsek, ordea, ez dute horrelakorik en-tzun nahi, nahiago dute prezioa edozein dela beren dosiak eskuratzea.

Farmakogintzako enpresek auzitara eraman zuten Hego Afrikako gobernua 2001ean HIESAren pandemiari aurre egiteko pantentea hautsi eta generikoak ekoizteko legea onartu zuenean. Beharbada gure nazio aurreratuek berdin egin zezaketen oraingoan, Pfizerri kalte ordaina pagatu eta, edonork ekoitz dezan, patentea askatu. Patentea askatu? A ez, barkatu, hori komunismoa litzateke!