Bada, asteburu honetan, etxeko soinuak ere gurekin eramaten ditugula berretsi ahal izan dut. Duela urte batzuk, lagunek barre egin zidaten esan nienean, gure etxeko txikienak orkestran jotzen zuenean, bere biolinaren soinua antzematen nuela. Besteen artean, etxeko biolina zein zen asmatzen nuela. Ama harroaren belarriak nituela esanez isilarazi ninduten.

Asteburu honetan, ostera, batzuk mirakulutzat joko luketen zerbait harrigarria gertatu zait. Ostiral arratsaldean, pasiatzen ari nintzela senarrarekin, batbatean, ezaguna zitzaigun bizikleta baten galgak entzun genituen. Hilabete eta erdi aurretik lapurtu ziguten bizikletaren galgak. Atzera begiratu eta non ikusten dugun gizonezko bat gure etxeko bizikletaren gainean. Bizikletak pieza batzuk aldatuta zituen (motelgailua eta jarlekua), zati batzuk kolorez aldatuta zituen (koadroa) baina ez genuen zalantzarik: etxeko bizikleta zen.

Ez bat eta ez bi, gizonezkoarengana hurbildu eta bizikleta non erosi zuen galdetu genion. Lagun batek utzi ziola hark. Bizikleta gurea zela guk. Hark, berak ez zekiela ezer. Eta, orduan, guk deskribatu genion zeintzuk pieza zituen aldatuta eta, batez ere, galgak ateratzen zuen soinua ezagutzen genuela. Hor, berak aitortu zigun zarata hura ezin izan ziola kendu. Eta guk erantzun, ez zela zarata. Gure etxeko soinua baizik. Ez zuela zalapartarik nahi aitortu zigun gizonezkoak. Berari ere saldu egin ziotela. Hasieratik konturatu zela bizikleta bereziegia zela.

Horixe baietz "berezia dela" errepikatzen genion elkarri gizonak eta biok, berreskuratu berri genuen bizikleta etxeko garajean sartzen genuen bitartean.