RABAT global bilakatu den izurriteak tristatu egin gaitu guztiz. Bihotza uzkurturik dugu, animoa flakaturik, arnasa arindurik, eta kopeta ilundurik. Ez dira sasoi onak gizakiarentzat, eta aurrera begiratuz gero, etorkizuna ez omen da hobea izango. Ez omen du dirdirarik edukiko. Adituak ere ez dira oso baikor azaltzen, eta batzuk hasi dira esaten aurreran-tzean arriskutsuagoak izan litezkeen gaixoaldiak ere etorriko direla. Hori guztia gure lur planeta modu erradikalean ustiatzeko hartu dugun joera absurdoarengatik. Munduko krisialdi ekologikorik handiena pairatzen ari gara, biodibertsitatea suntsitzen dugun bitartean. Guztiok osasun oneko planeta merezi dugu, eta horrek eskubide unibertsala izan beharko luke.

Bizkitartean, pandemiak galera ugari ekarri ditu, baina betiko legez batzuk, kaltetuenak, dena bidean galtzen duten bitartean, beste batzuk horien lepotik aberastu egiten dira inolako lotsarik gabe.

Defizitak toki askotan usaintzen dira. Egunotan makina bat zifra dabiltza dantza eroan gure hedabideetan. Adibidez, duela egun batzuk, Iñaki Arriola sailburuak EAEko administrazioek kudea-tzen dituzten garraioetan 300 milioi euroko defizita izango dutela esan zuen. Bada diru kantitate harrigarria (Zenbat kilo pisatuko du diru horrek guztiak?)

Baina ni gehiago harritu naute defizitarekin zerikusirik ez duten Iberdrola enpresa digantearen irabaziek. Badakigu pandemiak ekonomia ia guztiak astindu dituela, baina antza denez, ez modu berean. Hala, makro-enpresa elektrikoak erabat indarturik atera dira sasoi ilun horretatik.

Berriz konfinamenduaren hatsa gure sudurretara heltzen ari den sasoi berean, Iberdrolak bere zenbakiak aurkeztu ditu. Badakizue zenbat milioi poltsikoratu dituen argindarra banatzen duen enpresa horrek urte honetan? 2.681 milioi, eta horietarik birusari esker 200 mila inguru.

Ez dakit, baina zenbaki lodi horiek ikusten ditudanean bakoitzean, beti gertatzen zait gauza bera, burura etortzen zaidan lehen hitza, lotsagarrikeria da. Desoreka perfektuan bizia gara eta diruzale horien mozkinek hala adierazten dute.