AIEGUNAK ondo probesten ditugu lanak sortzen dizkigun nekaldi eta estresetik ihes egiteko eta benetan gozatzen ditugun zaletasunetan aritzeko. Ohiko asteburuetako ordu erlaxagarri horiez gain, badira urtean zehar hainbat egun jaiegun izaten direnak.

Iragan astelehenean izan zen horietariko bat. Berez, oso egun berezia da espainolentzat, Espainiako Egun Nazionala da. Baina ospakizun horren atzean zeintzuk dira gogoragarriak diren une edota ekintza historiko-sozialak? Bada, egun horretan bertan, urriaren 12an, baina 1492an, Gaztelako Koroarentzat lanean aritu zen nabigatzaile genovatar batek Amerika deskubritu zuen. Une historiko hura gogoan hartzen da urriaren 12an.

Espainiako koroarentzat garrantzi handiko une gomutagarria izan zen hura, gerora gertaera izugarriak agitu baziren ere. Argi dago ez zela inolako aurkikuntzarik gertatu, han bazebiltzan lehendik tribu, leinu eta giza-talde dezente, beren kasa, aske, eta pozik.

Baina lur honetako historian elkar topatze bortitz bat gertatu zen. Mundu modernoa, bere gaixotasun eta sineskeria okerrekin, eta bertako populua, zorionekoak bere izaeran. Nola ez, aurkikuntza hark sekulako eragina izan zuen Europa osoan, eta une horretatik aurrera, Amerika eraldatuz joan zen.

Gerokoak une dramatikoagoak izan ziren. Berehala sortu ziren lurralde hura ustiatzeko interesak, lur harekin sos kantitate ezinezkoak lortzeko obsesioa, eta hara abiatu ziren Europar andana bat.

Amerikar batzuek Madre Patria izendatu dute askotan Espainia, handik sortuak balira legez, sorterria hura balitz bezala. Niri lotsagarria iruditzen zait, eta hala jakinarazi nion behin tour turistiko batean egokitu zitzaidan gida bati, Madre Patriatik etorritako lagunak baginela esan zuenean. Sentsibilitate kontua zela adierazi nion. Nik ez nuela Espainiako kolonizatzaile haiekiko inolako atxikimendua sentitzen esan nion edukazioz, ez eta Espainiarekin ere. Neu euskalduna nintzela, beste kultura bateko semea.

Portzierto, Pilareko Andre Maria eguna ere bada, bai eta Espainiako Guardia Zibilaren eta Indar Armatuen eguna ere.