DATORREN larunbatean Eusko Ikaskuntzaren urteko Batzar Nagusia izango da eta bertan aukeratuko dira hurrengo lau urtekorako lehendakari berria eta bost kontseilu errektorekide. Lanak eginda daude. Lehendakariaren programa, bazkideentzako ezaguna da, jada. Eta komunikabideei ere aurreratu zaizkie zantzu nagusiak.

Galdera asko eragiten ditu gaiak, batez ere, Covid-19ak eragindako krisi egoera dela eta. Krisiek, ostera, aldaketak eskatzen dituzte. Aldaketek egokitzapenak. Eta, arrakasta, garaian garaiko behar eta kezkei dagokien bezala egokitzen eta erantzuten jakitean datza. Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzak bere historia luzean zehar egin duena eta gaur ere dagokion funtzioa. Herri bezala ditugun erronkak zeintzuk diren identifikatzea eta gure gizartearen beharrak aztertu eta erantzunak eta irtenbideak lantzea, politika publiko berritzaile eta aurreratuak proposatuz. Hitz batean esanda, etorkizuna eraikitzea: krisiari neurria hartu behar dieten eragile askotarikoekin lankidetzan aritu, gure gizartearen kohesiorako premia bizikoak diren ikuspegi aniztasuna eta partehartze irekia sustatuz eta euskal lurralde guztiak kontuan hartuta.

Aurreko legealdietan markatutako norabidea sendotzea eta indartzea izango da legealdi berriaren egitekoa. Horretarako, mendeurrenaren harira ondutako Liburu Zuritik lehenetsitako agenda izango du oinarri, egitasmoen kudeaketa prozesu eraginkor eta integrala abiatzea izango du xede, harreman-sarea eta aliantzak zabaltzea eta lurraldetasuna lantzea, bai egitasmo guztietan lurraldeen partehartze orekatua bultzatuz, bai egindako proposamenen abiatzea lurralde guztietara hedatuz.

Pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurrez aurre begiratuko dio Eusko Ikaskun-tzak, bazkideek larunbatean bozkatuko duten programa eskuan, eta programa horrekin guztiz lerratuta dagoen lehen mailako lantalde oparoaren babesak, konpromisoak eta lanerako prestutasunak ematen dion indarrarekin eta bultzadarekin.