Zirrikituetatik begira

Begiak itxita

11.09.2020 | 13:16
Begiak itxita

NIRE seme-alabek begiak itxita gosaltzen dute. Hainbeste hilabete ikastolara joan gabe, orain hain goiz jaikitzea gogorra egiten zaie. Oraindik lo daude ohetik jaikitzean, eta ez dute begirik irekitzen gosaria hartu bitartean. Zerbait galdetuz gero, ametsetan bezala erantzuten didate, lasai, poliki-poliki, xuabe-xuabe. Eta nik, afal orduko agiraka, oihu eta zaratak gogoratuta, pentsatzen dut: eta bake santu hau mantenduko bagenu egun osoan zehar? Ordu honetan baietz erantzuten diote denari, oraindik ez zaie espiritu kritikoa piztu, antza. Edo agian begiak itxita edukitzeak berak ematen dien kon-tzentrazioak gauzak erlatibizatzen laguntzen die, gauzak hobeto pentsatzen. Edo gehiegi ez pentsatzen, ez dakit.

Agian hau izan daiteke gure mundu honetan dauzkagun hainbat arazo eta gatazka konpon-tzeko modua. Erabaki garrantzitsuak hartu behar direnean, bilerak jaiki eta berehala egitea, alegia, gosaldu bitartean, pijama ta guzti, eta garrantzi-tsuena, begiak itxita. Honek bakoitzaren barne-barnean arakatzeko aukera emango lieke alde bakoitzeko ordezkariei, eta gauzak lasaitasun handiagoz pentsatzeko, aurkariaren aurpegia ikusi gabe. Agian begiak ixtea, azkenean "begiak irekitzeko" modu bat izan daiteke. Begiak itxi, arnasa hartu, lo egin ondorengo buru garbiaz baliatu€ Agian hor dago bide bat hainbat ertz biguntzeko.

Gaur ere begiak itxita gosaldu dute nire seme-alabek. Muxu bat eman didate, begiak ireki gabe, gailetak esnean busti baino lehen, eta pixka bat gaizki eta errudun sentitu naiz neure buruari esan diodalako: horrela maite ditut gehien. Jaio berriak zirenean lo egiten zituzten ordu eskas haietan ere, orduan maite nituen gehien, aitortu behar dut.

Nire gomendioa, beraz, erabaki garrantzitsuak hartu behar dutenei. Ezer erabaki aurretik, mesedez, itxi ditzatela begiak; egon daitezela begiak itxita behintzat bi minutu. Agian esaten dutena ez da izango esateko pentsatuta zuten gauza bera. Eta agian horrela maiteko ditugu gehien.