Ikasturtea

10.09.2020 | 10:20

BAI, lehen eguna heldu da. Irakasleak eta ikasleak geletan bilduko dira berriz. Gelak ez dira mukuru egongo, baina ume edota gazteen arteko kolapsoak gertatuko dira. Horretarako dira ume.

Covid-a hasi zenetik mila gaztetxo joango dira berriz ikasgelara tipi-tapa gurasoen eskutik ikastetxeko ateraino, han aspaldiko lagunek elkar ikusiko dute berriz, guztiak musukoa jarrita, baina azpian irribarre handi batekin. Protokolo berriak, segurtasun handiak, higiene zorrotza, ahoa eta sudurra tapatzeko musuko koloretsuak,€ denak balio du anormaltasun hori normalago bilakatzeko, ustez ahalegin ustela izango den arren.

Ohikotasunak mugak hautsiko ditu, eta laster batean ume guztiak saltoka ibiliko dira patioan, elkarren gainean olgetan, betebeharreko distantzia horiek errespetatu gabe (gurasoak paranoiko jarriko dira). Ikastetxe handiek bestelako zortea izango dute eta espazioa moldagarriak dituztenez gero, ikasleek gutxiago nabarituko dute aldaketa bortitza. Baina zer egingo dute beste ikastetxeek, espazio zehatza eta neurtua duten horiek? Ateak beste modu batean berrerabiliko dira? Patioak ez dira jolas-toki bilakatuko? Musika-gelan edota ordenagailu-gelan nola arituko dira umeak? Ariketa fisikoa egiteko kanpora aterako dira? Umeek jolas-ordua erabiltzen dute hamaiketakoa egiteko baina orain hori posiblea izango ote da? Azkenean zenbat ordu emango ditu ikasle batek bere jesarlekutik altxatu gabe? Ehunka itaun irakasleen buruan, ehunka kezka.

Aldaketa batzuk ezinezkoak izango dira betiko ordutegiak hala exijitzen badu, baina ikastetxeetako zuzendaritzak askoz malguagoak izan beharko lirateke muturreko egoera honetan, eta irakasleek ordu gutxiago eman behar badituzte, bada, hala izan bedi. Umeen segurtasuna ez ezik irakasleena ere jokoan dago, eta ikasturte berriko itzulera segurua izan behar da nahitaez.

Panorama horren erdian Jaurlaritzak hartutako neurriak salatu nahi dituzte hainbat kolektibok eta ikasturte hasierarako greba deitu dute pandemiak sorturiko egoera kontrolatzeko osasun baldintzak eta kalitatezko hezkuntza bermatu daitezen.

Tira, ikasturtea hasi da.