Aurtengoan, ostera, beldurra eta ziurgabetasuna dira nagusi. Beldur dira dendariak eta ostalariak, uda ondoren, bezeroen presentzia hutsaren parekoa ez ote den izango. Kezkatan dira enpresak, ERTEak gora behera, eskaria mantenduko ote den. Arduratuta ikastetxeak, milaka eta milaka ikaslek ikasturteari hasiera eman behar dioten honetan, birusari dantzarazi gabe eskolak emateko gai izango ote diren, ikasleen konpetentzia digitalak eta, batez ere, emozionalak, kudeatzeko gai.

Ez dugu besterik bizi otsailetik. Pandemiaren gaineko datuak eta kezkaren eta ziurgabetasunaren barreiatzea. Ulergarria den arren, ezkorrak dira jasotzen ditugun albiste gehientsuenak. Ezkorra da helarazten zaigun mezua. Kezkagarria egoera. Beldurtzekoa etorkizun hurbilean kudeatzea egokitu zaiguna.

Baina egongo al da bestelakorik ere! Proposamen ausartak botatzen ditut faltan. Egoera honi aurre egiteko abiatu diren ideia berri eta arrakastatsuak ezagutaraztea. Ez pandemiaren aurreko egoerarekin konparatuz. Baizik eta bizi dugun egoerari aurre egiten jakin dutenak.

Ezin dugu besoak gurutzatuta zain gelditu: "pasatuko den arte". Egoera berriari egokitu beharko gatzaizkiola esanez dihardugu azken zazpi hilabeteotan. Bada, hitzez, asmoz eta egitez ere, hala beharko du. Irudika eta presta dezagun etorkizuna, ez atzera begira, ez aldamenetara, aurrera baizik. Eta irudika ditzagun, batez ere, hunkitzen gaituzten momentuak, momentu horiek nola elikatu ditzakegun pentsatuz: musika dela, dantza, antzerkia, literatura, pintura edo besterekin.

Abuztuan bisitatu ditudan arte tailerrek (musika, pintura eta eskultura) munduaren beste ikuspegi batean barneratu naute. Gure etorkizun hurbilaren garapenaren zati txiki bat nire esku ere badagoela sinestarazi didate. Eta indartu egin naute, gaur, lanera, beste begi eta asmo batzuekin bueltatzeko.