Aldaketarik ez, beraz; atzerapauso, aldiz, nahi adina. Adibide bat izan daiteke Espainiako Apezpikuen Konferentziak atera duen oharra. Irakurtzea denboran bidaiatzea bezalakoa da: hasteko, Espainiako eliza katoliko erromakoa seguru dago oraindik badela nor kontu politikoetan sartzeko; bestetik, hizkera, ez da XVII. mendekoa, jakina, ez dute errege zaharra Fede Katolikoaren Soldadu edo Benetako Erlijioaren Babesle izendatzen, baina gutxi falta zaie; azkenik, deigarria da jendearen sexualitatearekin beti kezkaturik dabiltzan gizon horiek guztiz diskretuak izatea errege zaharrarekin (jakina da morala pobreentzat dela). Niri ere emerituaren bizitza sexuala ez zait interesatzen baina tartean, edo gainean, edo azpian, zeuden dirutxoen nondik norakoak, bai. Apezpiku katolikoek otoitz egingo dutela diote.

Aldaketarik ez, tamalez. Tamalez. Aldaketa posible izango zela aldarrikatzen zutenek lan eskerga dute aurrean. Madrileko gobernuan daude baina estatua (estatu sakona, orain esaten den moduan) haien buruen gainetik pasa da, eraso, jazarpen eta guzti.

Aldaketak, beharbada, beste bide batetik datoz.