Aurrekoan jada bueltan ginela bota zuen adiskideak: "parada izan da gauzak aldatzeko, baina ezertan ez da gelditu". "Bai", erantzun nion, "hezkuntza hobe-tzeko aukera ezertan ez da gelditu". "Ez, ez, mundua aldatzeko" erantzun zidan. Berehala etorri zitzaizkidan itxialdiko beldurra, eta beldurrarekin etorkizuna alda zitekeelako aukera urruna, irakurritako artikuluei erreparaturik jende askok bizi izan genuena.

Beldurrak eragindako aukera hura hutsean gelditu da, eta ematen du munduak bere inertziari jarraiki bere martxan jarraitzeko asmoa duela, ez dela pandemiak sorturiko parada profitatuko mundu hobea sortzeko, zuzenean jarraituko duela kolapso ekologikorantz zeina aberatsek baibadakiten etorriko dela.

Psikologoek diote ez dagoela aldaketarik oinazerik gabe, eta ortzimugan ageri den krisi ekonomikoak ekarriko duen oinaze latza aldaketaren oinazetzat hartzeko tentazioa izan daiteke ondoren etorkizun berri bat agertuko zaigula sinetsita.

Itxialdian baikor bezain ezkor naiz orain (nire afruskeriaren seinale, segur aski). Gobernuek, guk, populazioak ditugun portaerek inertzia erakusten dute: ez gara hemendik aterako arau ekonomiko eta sozial berriak ezarrita, arauak berrogeita hamar hamarkadako sozialdemokraziarenak baldin balira ere. Krisi ekonomikoa betikoek pagatuko dute, Europa, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza har-tzen ari den neurrietan aurreikus daiteke: lehengo lepotik burua.

Datorren oinazea, beraz, ez da, barkatu aditz mutxoasmoa, etorkizun berriz erdituko. Langabezia handiagotuko da, pobreak ugarituko dira, gobernuek diru gutxiago izango dute aberastasun arrakala berdintzeko, neoliberalismoak koska bat gehiago estutuko du, kolapso ekologikoa gertuago izango dugu. Betikoa betikorantz. Sinestea sinesteagatik adiskidea eta biok inuxente batzuk izan ote ginen galdetzen diot nire buruari sarritan.