Gaur, ostera, ni izan naiz bere behar. Eta mezu labur bat bidali diot. Nola zaude? Erantzunik ez. Okerrena pentsatzera bultzatu nau isiltasunak. Ez diot telefonoz deitu. Osaba joan zaigu guri ere, idatzi diot. Zure amaz gogoratu naiz. Zutaz. Nola zauden jakin nahi nuen.

Telefonoak dardar egin dit eskuan. Mezu berri bat sartu den seinale. Gaur goiza mugitua izan da. Sarea pil-pilean egon da. Bart gaueko bideoak barra-barra sartu zaizkit. Oporretan hegoaldera joan den lagun batek bidali dit goizean goizeko lehena. Jendez mukuru zegoen dantzaleku bateko terrazatik. Ederra ari zara galtzen esan nahiko balit bezala. Egunez beroegi egiten duela eta gauez atera daitezkeela bakarrik azaldu dit.

Gero, beste bideo bat heldu zait. Beste lagun batek, alabak goizaldean ateratako bideoa bidali digu lagun-taldearen helbidera: horrela ezin da, azpimarratu du. Alaba norena ote den galdetzea otu zait, nori ote dagokion alabarekikoak eta albaren lagunekikoak. Baina ez dut ezer idatzi. Barruak ez dit lagundu. Oporretan joateko barrunberik ez daukadala azaldu nienean bezala lagunei, minaren ukitu berarekin. Eta, gero, botiloi bateko irudiak helarazi dizkidate. Tronpatu egin direla iruditu zait. Nahi gabe bidali dizkidatela irudiok. Baina ez. Salatu dezazun, esaldiarekin etorri baita. Egin ezin dena hankaz gora jarri izanaren lekukotza harroa, eta burugabea.

Eta, ondoren, goizean irakurri dudan azken mezua iritsi zait. Berea. Azkenean! Izugarri poztu naiz. Ireki dut mezua eta hitz bakarra irakurri ahal izan dut: doluminak.

Semea gerturatu zait. Bart gaueko irudiak ikusten ari dela aipatu dit. Sarean bolo-bolo dabiltzanak. Debeku edo itxitura berri baten azken aurreko gauekoak. Bizitzaren azken hatsa bailitzan.

"Doluminak" irakurri dut berriro ere telefonoan. Baina bakerik ez.