Zirrikituetatik begira

Lagunak

14.08.2020 | 00:18
Karmele Jaio.

ORSON Wellesi 1960. urtean egindako elkarrizketa baten grabaketa dabil egunotan sareetan. Elkarrizketatzaileak galdetzen dio ea inoiz kontratatu al duen lagun bat bere pelikula baterako lan horretarako askoz egokiago litzatekeen beste aktore baten ordez. Sarri, erantzuten dio Wellesek. Bigarren galdera: Damutu al zara inoiz? Erantzuna: Sarritan. Hirugarren galdera: Berriz egingo al zenuke? Eta Wellesek, zalantza izpirik gabe: Bai.

Zergatia azaltzerakoan Wellesek dio berarentzat bizitza honetan inportanteena ez dela artea eta beste leialtasun mota batzuk nahiago dituela, hauen artean, adiskidetasuna. Zalantzarik gabe, adiskidetasuna nire artea baino garrantzitsuagoa da, erantzuten du. Artea beste guztiaren gainetik jartzen duten artistak miresten dituela esaten du, eta horiek izaten direla artista baliotsuenak, horiek egiten dituztela ekarpen handienak artearen munduan, baina bera ez dela horrelakoa, eta ez duela horrelakoa izan nahi. Wellesek onartzen du artea guztiaren gainetik jartzen duen horietakoa izatea bere artearentzat onuragarri izango li-tzatekela seguru aski, baina ez berarentzat, ez duelako sentitzen artea beste guztiaren gainetik dagoenik. Adiskidetasuna bai, hori maila gorenean dagoela uste du.

Haren hitzak entzun ondoren, pentsatu dut zenbat adiskidetasun hautsi diren haien gainetik beste interes batzuk jarri direlako: dirua, adibidez, edo ideia politikoak, edo bikoteari eskainitako esklusibotasuna, edo prestigioa, edo inbidiak€ Zenbat etsai dituen adiskidetasunak mundu honetan, agian gero eta gehiago, behin eta berriz jasotzen dugunean mezu bat: bakoitzak berea defenditu behar duela, berea bakarrik, beste guztiaren gainetik. Gero eta lehiakorrago den mundu batean, gero eta kale estuagoak eskaintzen zaizkio adiskidetasunari. Kale horiek abenida bihurtzea bakoitzaren esku dago, eguneroko erabaki txikietan. Eta horretarako ez da beharrezkoa zine zuzendari izatea eta lagunari lana eskaintzea pelikula batean, batzuetan lagunari denbora eskaintzearekin nahikoa da. Denbora berba egiteko, elkarrekin barre eta elkarrekin negar egiteko.