Zigarro bat erretzera irten da kanpora. Senarrak atzetik segitu dio. Zer gertatzen zaizu? Zergatik ez duzu hitz bat ere esan? Zigarroari zupada eman eta erantzun dio: Inork ere ez dit ezer galdetu eta€ Senarrak esan dio normala dela bakoitzak berea kontatzea, eta baietz erantzun dio berak, normala dela, baina: konturatu al zara inork ez diola besteari ezer galdetu? Bakoitzak berea kontatzeko tartea bilatu besterik ez duela egin? Senarrak orduan: Eta zuk? Zer da zuk nahi duzuna ba? Norbaitek zelan zauden galdetzea nahi duzu, zertarako? Ba azken finean, eurek egiten dutena egiteko, ez? Zure kontuak kontatzeko.

Isilik geratu da. Pentsakor. Senarra berriz sartu da barrura. Minutu gutxira bera ere eseri da berriz ere mahaiaren bueltan. Eta orduan, isilune bat aprobetxatu du esateko: Badakizue? Gaur ez daukat hitz egiteko gogorik. Eta orduan denak hasi zaizkio galdezka: Zergatik? Zer gertatzen zaizu ba? Arazoren bat duzu? Eta orduan, galderek bateria kargatu baliote bezala, ondo sentitu da berriz. Berriz piztu zaizkio hitz egiteko gogoak. Eta berbetan hasi da. Berba ta berba egin du. Ez dio inori ezer galdetu. Bere kezka ta arazoez hitz egin du. Ez da gelditu gau osoan.