Kultura honetakoak izanik, arraro samarra egiten zait, orain, herritarrak zein politikariak, pilota bestearen teilatura bota nahian ikustea. Betiko jokoa arauz aldatzen saiatzea bezalakoa dirudit.

Birusaren berragertze edo berrindartze kontua dela eta, kolore bateko jokalariek beste jokalariaren teilatuan utzi nahi dute pilota, eta alderantziz. Ondo dakigu, ordea, partida ezin dela kolore bien partaidetzarik gabe jokatu, eta are gutxiago irabazi.

Pilota partida bat ona izaten da, kolore biek ondo jokatzen dutenean. Lehia bizia eskaintzen dutenean. Hau da, nork baino nork hobeto egiten duenean. Jokoa ez da ederra izaten batek oso ondo jokatzen duenean eta besteak oso gaizki. Biek ala biek zenbat eta indar bertsuagoa duten eta lan berdintsuagoa egiten duten, emaitza are eta hobea izaten da.

Bada, gizartean ere berdin beharko luke. Herritarrek eta politikariek, nork bere aldetik, zenbat eta lan hobea egiten duten, emaitza are eta hobea izango da. Hartara, pandemiari guztion artean egin zaiola aurre esango genuke. Lehia handia izan dela baina partida irabaztea lortu dugula.

Ardurak partekatua izan behar du eta ez du balio pilotari edo epaileari errua egosterik. Jokoa ez baitu kolore bakar batek egiten.

Afera honetan, badago, halere, beste aktore bat ere jokoan nahitaez sartu behar dena: ostalaritzarena. Ez dira erakundeak axolagabe bakarrak tabernen irekiera agindu dutelako; ez dira gazteak axolagabeagoak festak antolatu dituztelako; tabernariek ere badute zer aldaturik beraien eskaintzan: aforoak kontuan hartuz eta, batez ere, gaueko ordutegia zainduz. Pilota partida 22 tantura izaten da. Gaueko ordutegia ere arauz jaso eta betearazi behar da.