Zirrikituetatik begira

Gaur zortzi

19.07.2020 | 00:38
Gaur zortzi

GAUR zortzi izan ziren. Eta harrezkero balorazioak eta balorazioak ikusi eta haizatu egin dituzte politikari guztiek. Igande gauean harritu nintzen EITB ikusten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Heredia datu orokorrak ematen ari zen, eta telebistako txoko batean, hiru letra dituen alderdi ultraeskuindar baten poztasunezko irudiak ematen ari ziren. Geroago, bestelako tamaina batean alderdi horretako nagusia Madriletik berbetan jarri ziguten. Haserretu nintzen. Datu garrantziak ematen ari ziren, ofizialak, eta hura zen albistea? Alderdi ultraeskuindar baten ordezkari batek plaza lortu zuela Gasteizko parlamentuan? Benetan? Hori zen albistea? Pentsatu nuen hedabideak aliatu onenak dituela alderdi horrek beti, zerbait esan eta hortxe izango dugu, albistegian, eta horrekin batera ahotik ateratzen zaizkien xenofobia, misoginia, arrazakeria eta faxismoa ere zabalduko da lau haizetara. Astelehenean, ordezkari hura Euskadi Irratian izan zen "balorazioak" egiten. Protagonismoa hedabideek ematen diete, faxismoak hori hartu eta puztu egiten du. Egia da Espainiako eskuinak dezente galdu duela, lehen 9 eserleku zituen, eta orain, guztira 6. Ez da gauza berria ultraeskuina Euskadiko parlamentuan, baina beti esaten den bezala, orain ageriagoa da zoritxarrez, nahiz eta boto kopuruan ia erdia galdu duen. PPko ordezkariak zioen iraupeneko lasterketa dela politika egite hau; bada, oxigenorik gabe lotuko dira laster batean, eta lehiaketa abandonatu beharko dute, hemen ez baitaukate zereginik, gero eta emaitza txarragoak ateratzen ari dira zita guztietan.

Abstentzioa logikoa izan da. EAJk Eusko Jaurlaritzaren lehen postuan jarraitzea lortu du erraztasunez, eta betiko koalizioa berrezarriko du PSOErekin. EH Bilduk denetan gora egin du. Elkarrekin Podemos erabat ahuldurik gelditu da.

Hiru letra dituen alderdi negargarri horrek ahots estridentea izango du Gasteizen, gorrotoa zabaltzeko. Faxismo instituzionalaren bidez ez dezala horrek ezer ere baldintzatu.

Badakizue, eraiki ezin dezaketen horien urguilua dena suntsitzea da.