ADULTS in the room (Helduak gelan) Varoufakisek Greziaren zor nazionalaren inguruan bertako gobernua eta Europako Komisioaren arteko negozioazioen inguruko liburua da zeinarekin Costa-Gravas zuzendari greziar frantziartuak filma egin baitzuen; hainbat kritikok manikeistatzat jo zuten, baina nire irudiko ez da; gertakari haietan, gaiztoak Troika (Europako Ba-tzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Barne Funtsa) izan baitzen. Wolfgang Schäuble Alemaniako finantza ministroa gupidagabe ageri da besteak eztabaida bizantiarretan katramilatzen diren bitartean. Egia da Varoufakis heroi baten moduan ageri dela, eta nik uste dut halaxe izan zela.

Oraintxe bertan daude bilduta Bruselan Covid-19 pandemiaren krisi ekonomikoari aurre egiteko diru-funtsa banatzeko negoziatzen; esan zaiguna zera da: alde batetik, hego aldeko nazioak daudela, Frantzia barne, zeinak zorra elkarbanatu nahi duten (edo zuten esan beharko genuke, ematen baitu Sanchezek zein Contik amore eman dutela); eta bestetik, iparraldekoak, Holanda buru, zeinek funtsa mailegutan eman behar dela defendatzen baitute, itzultzeko jakina. Kontatu zaigu Alemania, zalantza egin ondoren, hegoaldeko eskaerekin lerratu dela, eta iparraldeko nazioek nahi baino funts handiago eman nahi dutela eta itzultzeko baldintza- hobetan.? hobeagotan. Varoufakisek, ordea, bestela uste du. Dio funtsaren kopuruak ez duela garrantzirik, funtsa zatika etorriko dela, pixka bat handik, eta beste bat bestetik, enpresa handiak laguntzen dituen baldintzekin. Beraz, jarraitzen du, Troikaren itzulerarekin kezkaturik bazaude, kezka zaitez, zer itzuliko da? Alemaniako aurrekontua berdintzen denean, defizita %3tik ez pasatzea aginduko du, eta horrek, jakina, murrizketak ekarriko ditu Grezian, Italian, Espainian eta, segur aski, Frantzian. Eta badakigu aurreko krisitik murrizketek zein eragin izan duten osasungintzan, hezkuntzan eta aberastasuna banatzeko baliabideetan. Ez dela murrizketarik izango agindu digu Iñigo Urkulluk hauteskunde kanpainan, baina nago Urkulluk ez duela botererik horrelakorik agintzeko, gauzak hemendik urruti, oso urruti, erabakitzen direlako. Haurrez beteriko geletan, han Europako iparraldean.