Carson McCullersek zioen eleberri on batzuk telefono zenbaki bat bezain zehatzak direla. Zehaztasun horretaz ari naiz, letrak eta zientziak uztartzen dituen konexio puntu hortaz, literatura matematika bezain zehatza egiten duen zehaztasun horretaz. Batzuetan, zerbait irakurri eta geure buruari esaten diogu ez zegoela beste modurik, ez zegoela beste hitz posiblerik zerbait adierazteko. Aukera bakarra zegoela eta idazleak aurkitu duela.

Agian horregatik idazten dugu. Gure ideiak zehaztasunez ikusi nahi ditugulako nonbaiten. Gure ideiei orokortasunaren hosto guztiak kendu eta biluztutako zuhaitz bat bezalako ikusteko, zehatz, garbi, erradiografia batean gure hezurrak ikusten diren bezala.

Martin Ugaldek esaten zuen bere ideiak modu argian adierazteko prozesu hori behar zuela, idazteak ematen ziona: ideiak lehenengo burutik eta gero besotik eta azkenean paperera pasatzeko denbora hori behar zuela. Idazteak hori eskaintzen digu. Gure buruan tiobibo baten antzera bueltaka, jiraka, dabiltzan irudi guzti horiek lurreratzen laguntzen digu, eta aurrez aurre ikusten hitzetan gorpuztuta.

Batzuetan idatzi gabe ere, norbaitekin hizketan gaudenean, mirari hori gertatzen da. Hitz egokia aurkitzen dugu. Baina horretarako aurrean dugunaren laguntza behar izaten dugu. Haren begiradak eman behar digu aukera. Eskerrak maskarek ez dizkigutela begiak estaltzen.