ORA San Fermin oihukatu behar genuen atzo eta ez zen horrela izan; aldiz bederatzi egunez aurreratu dute Iruñean '"gora" hori horren besteko ezagun eta maitea den "Gaixoa ni". Hau ere sekula baino tristeagoa noski, jende andanaren tartean ordez kasik bakoitzak bere kasa egingo duelako, hori bai, inoiz baino biziago sentituz datorren urtekoa gaur berton hasten dela. Sanfermin zalea naiz azken urteetan huts egin edo egun bakarrean izan naiz soilik eta halaz ere eredu gisa jartzeko egokiena iruditu zait, zeren Zeledon ere ez dugulako ikusiko Andra Mari plaza hegan ez oinez zeharkatzen, artilleroak ez duelako kanoiaren eztanda eragingo Alderdi Ederren, ez da Leoirik aterako Baionako udal balkoira herriari giltza emateko ezta sermoi edo pregoi sakon eta amultsurik entzungo txupina jaurti aurretik Arriagako balkoitik.

Bost hiribururen hasiera aipatzearren soilik, zeren denetan ohituak gauden ehunka kontzertu, pilota torneo eta era guztietako jai eginkizunak bertan behera gelditu direlako denok ongi ezagutzen dugun edo kontatu diguten pandemia zital baten erruz. Kontatutakoa sinesteko eta kasu egiteko agindua eman dit besteak beste medikuak ere, "Begira nola dabilen jendea hortik" gogarazi dit hainbat jai eta jai-ez modukoetan bezala hainbat tokitan inolako arduragabe ikusten direlako edonolako jende pilak. Zeharo arduretsu atzeman nuen mediku beteranoa eta orain arte beregan sinetsi izan badut, zergaitik oraingoan ez? Gai, une, arrisku serioaren barne gaudela esan zidan.

Normaltze bidean egunak aurrera doazen heinean beldurraz gain eta harago etorkizunaren zalantza da nabariena. Berton da iraila eta harekin ikasturte berria eta ez du inork ziurtatzen nola kudeatuko den, pandemia berpiztuko den mamua ere behin eta berriz aipatzen da, txerto edota bakunarenak komertzio hutsa ematen du. Ez du ematen beraz eznormaltasun honek iraungitze datarik duenik eta jaiekin hasi garenez, zalantzan jarri beharko ote ditugu datorren urtekoak ere. Jaizale denon izenean, Gaixoa ni!