Epaitegi Gorenaren erabakia da, Santa Cruz Tenerifekoan, udalak Kanarietako bandera independentista zintzilikatu ondoren hartutako erabakia, baina, benetan, Kataluniako esteladaren kontra hartutakoa da, Banderen Gerraren beste atal bat, laurogeita hamar hamarkadan Bilboko jaietan urtero istiluak eragiten zituen haren segida, edo Nafarroan San Ferminetan, UPN gobernuan zegoela, eraikin publikoetatik, erreparatu larritasunari, hiritarren adierazpen askatasunaren eskubideari eragin zion gerra haren hurrengoa, izan ere, hainbat urtetan Iruñeko udal plazara sartzean arakatu egiten zuten jendea eta ikurrina kendu debekatuta baitzegoen bertan haizatzea.

Ez dut erabiliko banderak trapuak direla eta ez dutela garrantzirik dioen argudio ergela, hori dioena banderak ordezkatzen duenaren ideologiaren baitan bizi baita, hizkuntza, lurraldea, historia, sexualitatea eta abar hegemoniaren baitan, hain zuzen. Banderak baino gauza garrantzitsuagoak ditugu esku artean egun: Covid-19aren ondorioak, bai osasunekoak, bai ekonomikoak, baina argi dago banderek ordezkatzen dutenaren arabera hartu direla pandemiaren garaian garaia ez zela-eta gero eztabaidatzeko gorde genituen hainbat erabaki: autonomiei osasun sistemaren eskuduntzak kentzekoa, esaterako. Espaiñiako Erresuma autonomien estatua da Estatuak bestela erabakitzen duen arte, hortik aurrera Espainiako Erresuma den baino estatu zentralistago bilakatzen da on publikoaren mesedetan eta Errege Katolikoak aitzakia: Isabel eta Fernando ezkondu ziren garaian sortu zen Espainiako Erresuma. Eta gezurra da. Hori ezkutatu nahi du Espainiako banderak. Hori eta beste gauza asko.