Ez da gauza bera munduko beste bazterretan gertatzen ari. Trump presidente baboaren axolagabekeriak heriotza tasa handia ekarri dio bere inperioari, eta gaur egun, munduko lehen herria da hildako eta kutsatutakoen kasuetan. Mundu osoan, zapi milioi kutsatu baino gehiago daude, eta orain arte zendu direnek laurehun milakoen langa gainditu dute. Eta dena in crescendo omen doa. Uhin baten gisan ari da birus kutsakor hori bazterrik bazter hedatzen, bai eta inoiz pentsatuko ez genukeen tokietara heltzen ere. Hegoamerika da beste foku hilgarri eta triste bat, eta puntaren puntan Bolsonaro ultraeskuindar astakirtenaren herria dago, Brasil. Bere herria ez du inondik inora zaintzen, eta dioen moduan, "guztiok hil behar gara" lemapean gaixoaldia kontrolatzeko balio ez duten lerdokeriak baino ez ditu egiten. Izugarria da eskuinak zein burmuin eskaseko gizakiak sor-tzen dituen, zein adimen eta elkartasun gutxiko espezieak biziarazten dituen. Berdin zaie herri xeheari zer gertatzen ari zaion, bitartean eurak onik baldin badaude (onik eta aberats, batez ere).

Halarik ere zenbakien erromeria horretan, ez da jakiterik egongo benetako datuak zeintzuk diren, izan ere, herrialde guztiek trikimailuak burutuko dituzte populua ez eskandalizatzeko, eta betiko hauteskundeetan betiko botoa jasotzeko, betiko erreinuak bere horretan jarrai dezan. Pandemiagatik ere, munduan betikoek irabaziko baitute.