Dama jokoan zuriak eta beltzak dira fitxak. Baita ajedrezean ere. Eta joko-eremua, taula, lauki zuriz eta beltzez josita dago, nork bere esparrua, nahastu gabe. Zuriek zurien eremua markatuko dute eta beltzek beltzena.

AEBko filmetan, amerikar guztiak ordezkatuak izan daitezen, kupoak bete behar izaten dituzte; filmeko protagonisten artean halaxe agertuko dira arraza beltzekoak direnak, dagokien por-tzentajea ordezkatzen. Kontua da, portzentaje horiek eredu edo profil jakin batzuk zenbateraino markatzen dituzten. Edo beste modu batera esanda: zein da AEBko arraza beltzeko pertsonek (eta batez ere gizonezko gazteek) betetzen dituzten paperak? Zein profili dagokie? Zein da boteprontoan datorkigun irudia?

Minneapolis sutan ikustean kontuak egiten hasten gara. Azken urteotan polizia zurien esku zenbat George Foyd hil diren kontatzen. Istilurako ze arrazoi egon zitekeen galdetzen. Gizon baten heriotza garbituko duen ziorik egon ote daitekeen. Oraindik ere, kaleko eta epaitegietako legeak zergatik ote diren zurienak, beltzen kaltetan.

Urruti zaizkigu gertakizunok. Ikuskizun besterik ez zaizkigu. Begiralearena da gure papera. Pantaila erraldoiaz bestaldean dagoen ahotsik gabeko lekukoarena. Zinematik irten ondoren, egin dagokion iruzkina, erakutsi sumindura, baina hor gelditzen dena, hurrengo gertakizunera arte. Hori bai, hemeroteka birpasatu eta kontuak aterako ditugu: gertakizunik odoltsuena edo bidegabeena zein izan ote den. Eta, segur aski, gure aukera egingo dugu. Baina horixe dena.